GBGEk Ukrainan egindako lana biltzen duen erakusketa eta solasaldia antolatu ditu gaur
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
GBGEk ukrainarrak laguntzeko kanpaina abiatu zuen gerra hasi zenean eta ordutik hainbat ekintza antolatu ditu. Besteak beste, errefuxiatuak EAEra ekartzeko bidaia egin zuten eta dokumental batean bildu dute. Gaur eskainiko dute Gandasegi eskolan, argazkiak eta eragileen testigantzak batuko dituen saioan.
Errusiak Ukrainaren kontrako gerra hasi zuenean, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak ukrainarrak laguntzeko proiektu bat jarri zuen martxan, Binkek jasotako moduan. Batetik, landa-eremuko premien azterketa eta balorazioa egin zuen eta elikagaiak bidali zituzten. Bestetik, Polonian izan ziren, Ukrainako errefuxiatuak EAEra ekartzeko egitasmoa antolatu zutela.
Guzti hau dokumental batean bildu dute, Ukrainan bizi den egoera ezagutzera emateko asmoz. Filma Txernobilgo adingabeen harrerako elkarteekin eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan grabatu dute eta gaur bertan proiektatuko dute lehen zatia. Galdakaoko Gandasegi eskolan izango da saioa, 18:00etan.
Jarraian, mahai-inguru bat izango da, proiektuan parte hartu duten eragileek krisiaren hasieratik orain arte egindako lana azalduko dutela. Halaber, Polonian egindako argazkien bilduma ikusteko aukera izango da erakusketa baten bitartez.
Ukrainako egoera larria da oraindik eta horregatik elkarteak laguntza ekonomikoa eskatu du Galdakaon errefuxiatuei laguntzeko eta etorkizunean Ukrainako krisi humanitarioari aurre egiteko.