Hainbat lekutatik etorritako dozenaka lagun batu zituen Jon Gordilloren memorialak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gordillo Memorialaren antolakuntza
Jon Gordillo petanka jokalari zenaren memorialaren hirugarren edizioa antolatu zuten ekainaren 15ean. Zuhatzuko petanka pistetan izan zen eta 50 pertsona inguru batu ziren hitzorduan, Euskal Herritik kanpo etorritakoak ere.
Galdakaon zaletasun handia du petankak eta hein handi batean Jon Gordillo galdakoztar zenak kirol honen hedapenean egin zuen lanari esker da. Hainbatek kirol hau ezagutzen dute berarengatik, bai herrian eta baita inguruetan ere.
Lan hau aldarrikatu eta galdakoztarra omentzeko helburuz, Jon Gordillo Memorialaren hirugarren edizioa antolatu zuten ekainaren 15ean Galdakaon.
Hitzordua Zuhatzuko petanka pistetan izan zen eta 18 taldek eman zuten izena triplete modalitatean lehiatzeko. Guztira 50 pertsona inguru batu ziren ekimenean, hainbat lekutatik etorritakoak: Araba, Kantabria, Galizia, Valladolid…
«Egun on batez gozatzeko aukera izan genuen, eguraldia lagun izan genuelako», azaldu diote BINKEri antolatzaileek. «Triplete modalitatean izan zen txapelketa eta honi esker federatuta ez dauden pertsonek ere parte hartu ahal izan zuten, eta elkarrekin jokatu ahal izan zuten hainbat klubetako kideek», azpimarratu dute.
Lehiaketaren ostean sariak banatu zituzten eta egunean zehar mokadutxoak hartu ahal izan zituzten parte-hartzaileek.