Euskal gizarteak maiz saihestu ohi duen gaia da heriotza, eta honen inguruan «tristura edo dramatismorik gabe libreki hausnartu ahal izateko» topaketa antolatu du Galdakaoko Udalaren Zainduz zerbitzuak: Death Cafea. Baina, zer da zehazki ekimen hau eta noiz antolatuko da?
Bizitza honetan —eta zientziak kontrakoa erakutsi arte— saihestu ezin daiteken gauza bakarrenetakoa da heriotza. Aldiz, inork ez omen gaitu horretarako prestatzen; ez gure heriotzari ezta gure inguruko senide maitatuenen heriotzari aurre egiteko ere, eta sarri saihestu ohi dugun gaia da. Baina hortxe dago, eta denoi iristen zaigu denboraren joanari aurrez-aurre begiratzeko unea.
Horregatik, heriotzaren unera ahalik eta modurik naturalenean iristeko asmoz, Galdakaoko Udalaren Zainduz programak ezohiko topaketa bat antolatu du: Death Cafea. Beldurrari, ezezaguna denari eta galerari hitzak jartzeak «bizitza biziagoa» bihurtzen duelakoan, «pertsona askorentzat beharrezkoa den topaketa» antolatu du aipatu programak, osasun zentroko erizainekin batera.
Hitzordua hurrengo asteko eguenean izango da, urriak 30 dituela, 17:30ean Galdakaoko Medina’s tabernan (Bizkai kalea, 38). Bertan izena ematea beharrezkoa izango da 664 323 853 telefono zenbakira deituta edo idatzita.
Udalak argitaratutako oharraren arabera, helburua bertaratzen direnek «heriotzaz libreki hausnartu ahal izatea da, tristura edo dramatismorik gabe», eta gaineratu: «Ez da terapia bat, ezta dolurako laguntza talde bat ere; bizitzaren momentu saihestezinaz kafe baten bueltan modu zintzoan hitz egiteko gunea da».