Iban Zalduaren ‘Ipuina engainua da’ bilduma aztertuko du Galdakaoko Irakurketa Taldeak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Maialen Andres
Irakurketa bultzatu eta istorioen inguruko hausnarketak egiteko helburuz, liburuak aztertzeko saioak antolatzen ditu Galdakaoko Irakurketa Taldeak. Apirilaren 24an Iban Zaldua idazlearen ‘Ipuina engainua da’ izango dute aztergai, Peña Santa Cruzen antolatuko duten saioan.
Galdakaoko Irakurketa Taldeak eleberrien, komikien eta beste hainbat motatako liburuen inguruko nondik norakoak elkarbanatzeko saioak antolatzen ditu urtean zehar. Martxoaren 27an esaterako, Ibon Martinen ‘Tulipen dantza’ izan zuten aztergai.
Hilabete honetan ordea Iban Zalduaren ‘Ipuina engainua da’ bildumaren inguruan hausnartuko dute Peña Santa Cruzen antolatuko duten saioan. Apirilaren 24an izango da, 18:30ean.
Iban Zaldua euskal ipuingintzaren aldarrikatzaile ez ezik praktikatzaile handienetakoa da, eta kritikaren arabera espiritu horri helduz ondu du ‘Ipuina engainua da’ bilduma. Hamazazpi ipuin ditu bilduma honetan eta nobela laburren neurrira hurbiltzen diren istorio luzeagoak sortu ditu, ipuinaren muina mantenduz betiere.
Besteak beste, bikote-arazoak, adulterioak eta guraso eta seme-alaben arteko gorabeherak uztartzen ditu Zalduak ipuinetan.