Iñaki Garai, azken gabarra bizi zuen galdakoztarra
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Iñaki Garaik bidalitakoa
Athletic Clubek zapatuan, apirilak 6, jokatuko du Espainiako Kopako finala eta duela 40 urte txapelketa honetan lortu zuen azken garaipena errepikatzen saiatuko da. Gabarra atera zuten orduan eta milaka pertsonak bizi zuten ospakizun zurigorria, haien artean Iñaki Garai Athleticeko jokalari ohi galdakoztarrak. Berarekin hitz egin du BINKEk finalaren atarian.
Bilbo, Bizkaia eta mundu osoko zaleak prest daude Athletic Clubek zapatuan jokatuko duen Espainiako Kopako finalerako. Taldeak RCD Mallorca izango du aurrean eta duela 40 urte, 1984an, txapelketa honetan lortutako azken garaipena errepikatzen saiatuko dira zurigorriak.
Azken garaipen horretan gabarra igaro zen Bilboko inguruetan zehar eta milaka zale zurigorri batu ziren Espainiako Kopan eta baita Ligako txapelketan lortutako garaipenak ospatzeko. Zale guzti hauen artean galdakoztarrak zeuden ere, besteak beste, Iñaki Garai Athleticeko jokalari ohia.
Garaik lau denboraldi eman zituen jokalari zurigorri moduan, 1973tik 1978ra arte, eta beste asko klubari lotuta, Lezaman laguntzaile moduan. «Oso polita izan zen urte horretan bizi genuena. Bilbo osoa zegoen zurigorriz jantzita, ikaragarria zen», aitortu dio BINKEri Garaik 1984ko ospakizunen inguruan.
Ez zen gabarrara igo baina momentu «oso bereziak» izan zirela gogoratzen du: «Ezin da ondo azaldu momentu horretan sentitzen duzuna. Umeak, helduak, nagusiak… denak batera garaipena ospatuz».
Zapatuko partidari begira, zuhurra izatea nahiago du: «Momentuan ikusi beharko da. Egia da faboritismo puntu hori izan dezakegula egiten ari garen denboraldi onagatik baina partida jokatu behar da».
Garaik garrantzia eman dio partidari baina baita egun osoan zehar biziko denari. «Garrantzitsuena dena ondo ateratzea da, giro ona bizitzea zaleen artean», azaldu du, ilusioa galdu gabe: «Egia da gabarra hori bizi genuen guztiak hura errepikatzeko irrikitan gaudela. Hainbeste urteren ostean oso polita izango litzateke berriz Bilbo osoa zurigorri ikustea».