Zapatuan Zornotzako Aramotz mendi lasterketa ezaguna antolatu zen, eta Itsasne Urkiaga zornotzar eta galdakoztarrak txapela jantzi zuen, beretzako egun ezin bereziagoan jantzi ere. Zergatik jakin gura?
Zornotzan antolatu zen iragan zapatuan, urriak 18 zituela, Aramotz mendi lasterketaren hamahirugarren edizioa. Guztira 22 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboa izan zuen Aramotz mendilerroan zehar antolatu ohi den eta Durangaldeko Koparen parte den kirol-probak.
Aramotz mendi lasterketa ezagunean hartu zuen parte Itsasne Urkiaga kirolari zornotzar eta galdakoztarrak, eta ezinhobeto parte hartu ere: 2025eko txapelduna izan da Urkiaga! Egun ezin bereziagoan lortu zuen garaipena lasterketariak, bere 30. urtegunean antolatu baitzen kirol-proba zornotzarra. Zorion bikoitza, Itsasne!
Gizonezko kategorian berriz, Gontzal Murgoitiok lortu zuen garaipena eta gainera errekorra hautsi zuen, bikain jokatuz. Guztira, 130 parte hartzailek baino gehiagok hartu zuten parte lasterketan eta 150ek baino gehiagok mendi martxan.