Izarok kontzertua eskainiko du zapatuan Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Etxepare Euskal Institutua
Izaro musikariak ‘Cerodenero’ diska argitaratu zuen iaz urte amaieran eta ordutik hamaika kontzertu eskaini ditu pop eta elektronika estiloak uztartzen dituen lana aurkezteko. Zapatuan, urriak 5, Galdakaon arituko da, Torrezabal Kultur Etxean.
Antzerkia, umorea, dantza eta musika uztartzen ditu abendura bitarte Torrezabal Kultur Etxearen 30. urteurrena ospatzeko Galdakaoko Udalak prestatutako egitarauak. Hain zuzen, musika izango da protagonista asteburu honetan.
Batetik, Charo Lópezek ‘Verso a verso’ emanaldia eskainiko du Torrezabalen barikuan, urriak 4, BINKEk jaso zuen moduan.
Bestetik, Izaro musikaria arituko da Galdakaoko aretoan, kasu honetan zapatuan 20:00etan ‘Cerodenero’ diskoa aurkezteko. Gazteak pop eta elektronika estiloak uztartu ditu lan honetan eta «barne bidaia batean etorkizunera begira dagoen altxor baten modukoa da».
Disko honen baitan aurkitu daitezkeen ‘Iparraldera’, ‘X eta besteak’ eta ‘Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen’ abestiak kantatu ahal izango ditu publikoak Galdakaon, eta baita honezkero ezagunak diren beste hainbat kanta.
Kontzerturako sarrerak honezkero agortuta daude.