Izaskun Rekalde hil da, Binkeren sortzailea eta euskaltzale ezaguna
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Jabi Rojo / Binke
Izaskun Rekalde Abasolo zendu da gaur, 45 urte zituela eta hiru seme-alaben ama. Usansolotarra ezagun izan da euskararen alde egin duen lan militanteagatik. Besteak beste, hedabide honen sortzaileetariko bat izan zen, baita Pantailak Euskaraz eta Arnas Dezagun ekimenetako sortzailea ere.
Gaur, ekainak 14, Izaskun Rekalde Abasolo zendu da buruko gaitz baten ondorioz. Rekaldek 46 urte beteko zituen datorren hilaren 27an eta hiru seme-alaben ama zen. Usansolotarra jaiotzez eta bizitzez, besteak beste, euskararen alde egindako lanagatik gogoratuko du Euskal Herriak Izaskun.
Euskal Herriak Arnas Dezagun eta Pantailak Euskaraz ekimenen sortzaileetako bat izateagatik gogoratuko du. Baina Galdakaok eta Usansolok euskarazko komunikabiderik badute, hori hein handi batean Izaskun Rekalderi esker da. Eta hori nekez ahaztuko dute gure herriek.
Binkeren sortzailea eta lehenengo sei urteetan bere batzordeko kide izan da usansolotarra. Lanbidez eta ikasketaz, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Doktorea, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua, Doktorego Sari Berezia 2019an, ICF Coach Exekutiboa eta azken urteetan Lanbide Heziketan eta EHUn irakasle ibili da.
Urte honetako otsailean hedabide honetako azaleko protagonista izan zen Rekalde Abasolo.
Lurrak gozo har zaitzala, Izas. Gugan bego.