Jon Ander Ortuondo: «Euskaldunok ez dakigu gure lana ondo saltzen»
Jon Ander Ortuondo, ekintzailea
BINKE / 2018ko apirila
«Euskaldunok ez dakigu gure lana ondo saltzen»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Krisiak adimena zorrozten duela zioen Albert Einstenek. Krisiagatik izan edo ez, badira adimena zorrotz duten lagunak eta euren barneko hobetzeko nahiak proiektu berriak asmatzera eramaten dituztenak. Ekintzaileak dira horiek, eta euretariko bat etxean dugu, Usansolon. Ordea, Boroan hartu gaitu, bere estudioan, erreminta «arraroz» inguraturik.
Euskaldunak, kulturalki, beti ibili izan gara asko bizikletan. Baina ondo ibiltzen badakigu? Italiara ikastera eta lanera joan nintzanean bizikleta bizitzeko beste era asko ezagutu nebazan eta kritiko bihurtu nintzan hemengo ikuspuntu orokorragaz. Han bizikleta bizitzeko modu bat zan guretzat, bizikletan baino ez ginan mugitzen, bizikletan ezagutzen genduzan beste pertsona batzuk, gure lagun guztiak bizikletan ibiltzen ziran… eta hamaika bizipen bizi genduzan bizikletaren bueltan. Euskal Herrian, ordea, bizikleta txirrindularitzara oso lotuta dago eta miresten dodan tradizio eta historia horrek asko baldintzatzen gaituala uste dot.
Horrekin zer esan gura duzu beraz, ez dakigula bizikletan ibiltzen? Euskaldunok bizikletari emoten deutsagun erabilera gehiena kirol lehiara bideratuta dago, amerikarren antzera, baina hauengandik urte askotara gagoz. Amerikarrek bizikletaren erabilera eta merkatu-nitxoa guk baino askoz gehiago garatzen dabe.
Adibideren bat jartzerik bai? Esaterako, Euskal Herrian bizikleta bat erosi gura badogu eta ideia handirik ez badogu, mendirako garatu dan txirrindu bat erosiko dogu ziurrenik. Zergatik? Danerako balio dauala uste dogulako. Baina autoen gainean askorik ez badakigu, 4×4 bat ez dogu erosiko beti, ezta? Egia da globalizazioak eta nahi beste informazio-iturri eskura izateak behar dogun bizikletaren gaineko erabakia errazago hartzera eroango gaituala, baina egia da askotan ez dakigula bizikleta aukeratzen.
Baina asko dira milaka euro inbertitzen dituztenak bizikletan. Zerbait jakingo dute bizikletez… Milaka euro kapritxoagaitik inbertitzen dira bizikletan. Ez dinot hau txarto dagoanik, erropan, etxebizitzan, kotxean zein inguratzen gaituen produktu gehienetan be behar izanetik askoz harago gastatzen dogulako. Baina bizikletaren kasuan, bizikleta bera «status simbol» bat da. Lehen erroparik onenak domeka goizean erabiltzen genduzan mezara joan eta herrikideakaz sozializatzeko. Gaur mezara jende gutxiago joaten da eta gehiago dira domeka goizean bizikletan ibiltzen diranak, eta bizikleta gainean sozializatzen diranak. Bizikleta ona izateak ez dau esan gura bizikletez edo ibiltzeaz asko dakienik.
Hara! Bizikletaren kalitatea ez dago ibiltzearen kalitatearekin lotuta, beraz. Bizikletaren prezioak erabilera mailagaz zer ikusi gitxi izaten dau. Kalitate funtzional minimo bat nahikoa da «ibiltzeko» eta bitan ordaindu behar ez izateko. Hortik aurrera lehen aipatutako kapritxoa ordaintzen gabilz, baina hori be kalitatea da izatez, hori be baloratzen badakigu. Kalitatea, norbere behar edo eskakizunak asetzea dala uste dot eta eskakizun horreik gaur egun behar izanetik askoz harago doaz ia beti.
Bereziki kontu horien inguruan aritzen zara zeu Fit4bike enpresarekin, ezta? Biomekanikaren helburua bizikletaren ergonomia erabiltzaileri egokitzea da. Hau da, bizikleta gainean daroagun posizioa gure ezaugarri fisiko eta helburuentzako egokiena izatea. Pertsonalizazio bat izaki, eta kalitatea lehen definitu dogun moduan ulertzen badogu, biomekanikak bizikletaren kalitatea areagotzen dau. Bizikleta gure neurrira egokituta izateak erosotasunean, errendimenduan eta lesioak ekiditzean igartzen da. Eta egokitzapen hori neurtzeko eta egikaritzeko, besteak beste, sortu genduan BASystem.
Sistema berri hau asmatu aurretik Milanen izan zinen lanean. Zer egiten zenuten enpresan? Diseinu ingeniaria nintzen 3T enpresan. Bizikletentzako karbonozko osagaiak diseinatzen nebazan. Oso esperientzia aberasgarria izan zan niretzako, diseinatzeko askatasun handia neukalako eta pertsona interesgarri askogaz lan egiteko aukera izan nebalako. Nire jefea, esaterako, Ferrari F1-eko taldean ibilitako ingeniari bat zan eta zuzendaria Philips-en goi mailako manager holandarra. Erabaki asko hartu behar izaten nebazan eta bizikleta sektoreari buruz asko ikasi neban batetik bestera.
Gaur egun bizikletentzako osagaiak diseinatzen munduan oso ezaguna den enpresa horrekin asko bidaiatu zenuen? Bai, bidaia asko eta mundu guztiko pertsonekin hartuemon etengabea izaten neban. Karbonozko konponenteek eskatzen daben eskulan handia dala-eta, Txinan eta Taiwanen egiten genduzan, hortaz ezinbestekoa zan bertara jarraipena egitera joatea. Hong-Kong, Shenzhen, Ameriketako herrialde asko, ia Europa osoa… Tourrera be joaten nintzan gure produktuak eroaten ebezan taldeak bisitatzera. Carlos Sastrek, adibidez, Tourra gure produktuekaz irabazi eban!
Akaso batetik bestera ibiltzeak erre zintuen? Bai eta ez. Bidaiatzea nekagarria da bai, batez be urteak aurrera doazen heinean. Hasieran ikaste horrek motibazio eta energia asko emoten deutsu, baina apurka-apurka monotonoago bihurtu leike eta norbere lehentasunak be aldatzen doaz. Oso independente bizi izan nintzan han, baina une batetik aurrera herriminak eta familiatik gertu egoteko gogoak gogor jo ninduan eta esperientzia baino etxea nahiago izan neban. Asko pozten naz erabaki hori hartu izanaz.
Eta etxera bueltan, zein izan zen zure jarduna? «Freelance» 3T berarentzat eta bizikleta sektoreko beste marka batzuentzat produktuak diseinatzen hasi nintzan, baina etxetik.
Zure kasa lan egiten hasi bazinen… hor hasi zinen ekintzailea izaten? Bai, hori da. Autonomo bezala lehenik eta Fit4bike-egaz gero. Izan be, Fit4bike proiektua «freelance» nenbilenean otu jakun, beste proiektu batean lanean genbilzala. Ideiak lanean etortzen dirala esaten dabe, ezta?
Badugu euskaldunok ekintzaile izateko ohiturarik? Euskaldunok historikoki langileak izan gara, eta uste dot hori ezinbestekoa dala ekintzaile izateko, baina beti kritikatu izan dot —neure burutik hasita— ez dakigula gure lana saltzen. Beste batzuentzako gauza asko egiten doguz eta onak gara gauza askotan baina gutxi dira bertako marka erreferenteak. Akaso, arriskatzearen aldekoak ez garalako? Ez dakit…
Proiektu berri baten alde arriskatzea ez zaio askori burutik pasako, kontu kulturala al da? Bizi kalitate ona daukagu, ingurua, klima, ekonomia, bizitza sozial aberatsa, bai lagun eta familiari jagokonez… beraz, arriskatu? Zertarako? Hobeto saldu beharko geunkala kritikatzen dot baina arriskatzearena ez, erabaki guztiz pertsonala da hori eta ondo ulertzen dot jendeak arriskatu gura ez izatea.
Tira, zuk arriskatu duzu. Imajinatu duzu inoiz oraingo egoeran egongo zinenik? Ez! Ez dot nire burua inoiz ekintzailetzat emon. Dana dala, uste dot seinale ona dala non egongo garan ez jakitea, ezta? Dibertigarria behintzat bai… (irribarretsu)
Orain lehen aipatutako BAS sistema patentatuarekin topera zabiltzate. Mundu mailan ezagutarazteko asmorik duzue? Bai noski. Fit4bike marka daborduko internazionala da, gure salmenten gehiengoa atzerrira doa. Txirrindularitzara bideratutako biomekanika oso merkatu espezializatua da eta negozioa bideragarri egiteko oso eremu zabal batera zuzentzea ezinbestekoa da guretzat. Ez daukagu beste aukerarik.
Patentatu berri duzuen sistema honekin zer egiten duzuen ulertzea ez da erraza… Goazen hasieratik hastera. Biomekanikan zerbitzu batean txirrindulariaren ezaugarri fisiko eta funtzionalak aztertzen dira. Horretarako, txirrindularia bera bizikleta gainera igo eta pedaleoaren teknika zein zinematika orokorra aztertzen jako, hau da, zela mugitzen dan. Guzti hau neurtu egiten da eta neurketa honen arabera kontaktu puntuak manipulatzen dira. Kalak, plantillak, altxak, bielaren luzera, aulkiaren eta eskulekuaren posizio, mota, zabalera eta inklinazioak… eta abar luze bat aztertzen da, erabiltzailea erosoago, bizkorrago eta osasuntsuago ibili daiten.
Eta non dago makina berri honen zeregina? Aipatutako azterketa horretako kontaktu puntu guztiak ajustatu eta gero informe bat entregatzen da bizikleta egoki jartzeko beharrezko neurri eta zehaztapen guztiekaz. Bada, patentatutako BASystem-agaz egokitzapen guzti horreik modu robotizatuan egin geinkez bizikleta gainean zagozan bitartean.
Kuriosoa benetan, ezta!? Dibertigarria izaten da saio amaieran bezeroek emaitza eta jatorrizko posizioa probatu eta konparatu egiten dabenean jartzen daben aurpegia. Askok ez dabe sinistu be egiten posizioak euki leikean eragina!
Goi-mailako talde eta txirrindulariekin aritzen zara lanean. Zertan zehazki? Teknologia eta erremintak garatzeaz gain zerbitzua be eskaintzen deutsegu Euskadi Fundazioa eta Movistar Team neurriko taldeei, euren hornitzaile ofizialak gara eta goi-mailako txirrindulari guztien posizioaz arduratzen gara. Goi-mailako beste hainbat kirolarigaz be ibiltzen gara lanean.
Profesionalentzako zerbitzuak bakarrik eskaintzen dituzue? Profesionalak gitxiengoak dira. Zerbitzua, nagusiki, bizikleta kirola egiteko erabiltzen dauan jendeari zuzenduta dago. Eurek be biomekanikatik onura asko atara ahal dabez. Astean bizikleta ganean emoten doguzan lau, zortzi edo 12 ordu horreek gusturago egiteak eta gehiago disfrutatzeak zenbat balio dau? Horretara dedikatzen gara gu batez be: mota eta maila guztietako txirrindularien erosotasunera, eraginkortasunera eta lesioak ekiditeko posizio onaren bila.
Bizikletaren gainean eroso, errendimenduz eta lesioak saihestuz ibiltzea hainbatean aipatu dituzu. Badago elkarren arteko loturarik? Duda barik. Erosotasuna, errendimendua eta lesioak ekiditzea alkarregaz lotuta dagoz. Mina edo deserosotasuna, azken finean, gorputzak zeozer ekiditzeko emoten deuskun seinalea da. Mingarria edo deserosoa dana ez da inoiz ergonomikoa izango, ez da osasuntsua izango. Beraz, eroso bagagoz osasuntsuago be ibiliko gara, eta ondorioz baita arinago be. Horregatik da bizikleta neurrira jartzea hain inportantea.
Abiadura aipatuta, sariak jasotzen abiadura zoragarria daramazue, ezta? Guretzat Euskadi Fundazioak edo Movistar Team taldeak eurentzat lan egiteko deitu izana dira aitorpenik handienak. Zerbitzu eta produktu mailan oso garrantzitsua da guretzat. Negozio mailan be izan dogu aintzatespenik, gugan konfiantza erakutsi daben inbertsoreen aldetik eta Bostoneko MIT-ren eskutik, esaterako. Bostonera gobidatu ginduzan negozioa indartu eta Estatu Batuetako merkatua irekitzeko helburuagaz.
Hori bai, zuen produktu guztiak «Made in Euskadi» direla diozue harro! Bihar ez dakigu zelan izango dan, baina gaur hori da Fit4bike-entzat komenigarriena, produktu oso espezializatu eta teknologikoa izanik ezin dogu edonon fabrikatu eta hasieran oso garrantzitsua da gu fabrikaziotik gertu egotea. Gainera hornitzaile teknologiko ezbardin dezente behar dogu eta hori ez da leku askotan aurkitzen. «Made in Euskadi» horren sustatzaile baino, onuradunak garala esango neuke. •