Jon Azkueta usansolotarrak ‘Huyendo del vicio’ liburua argitaratu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Cristina Castro
Jon Azkueta usansolotarrak ‘Huyendo del vicio’ liburua argitaratu berri du. Idazlea maitasun istorio baten inguruan aritu da gazteei zuzendutako eleberri honetan, umorea uztartuz. Berarekin hitz egin du Binkek eleberriari buruz.
Jon Azkueta usansolotarrak 2020an argitaratu zuen bere lehen eleberria paperean, ‘Huyendo del vicio. Parte I’ izenpean. Binkeri aitortu zion moduan, «irakurle berrietara heldu naiz honekin», aurretik Wattpad plataforman soilik argitaratzen baitzituen bere lanak.
Orain eleberri horren moldaketa argitaratu du, Planeta editorialarekin. «Berriz idazteko aukera eman zidaten eta horrela egin dut», adierazi du idazleak. Aurrekoan lehenengo zatia argitaratu zuen bigarren bat kaleratzeko asmoz baina azkenean biak batean batu eta eleberri bat idatzi du. «Irakurleek esan didate somatzen dela oraingoan istorioak amaiera borobil bat duela», nabarmendu du.
Bere bizitza alde batera utzi eta herri batera lan egitera doan neska baten istorioa azaltzen du ‘Huyendo del vicio’ eleberriak. Bizio guztiak ekiditzeko asmoa du neskak baina baserri batean lan egiten dabilela mutil bat ezagutuko du. «Muti honek ez dio bere helburua betetzeko lana errez jarriko eta maitasun istorio bat biziko dute», azaldu du Azkuetak.
Guzti hau umorea uztartuz: «Beti saiatzen naiz umore kutsuak sartzen eta aldi berean gazteei zuzendutako mezu garrantzitsuak botatzen». Izan ere, «ez dut nahi gazteek pentsatzea bizitzan maitasuna gauza bakarra dela».
Asteburuan Madrilen izango da liburua aurkezten eta Bilbon barikuan, ekainak 9, egingo du ‘Huyendo del vicio’ liburuaren aurkezpena.