Kultur Plazak doako 61 ekitaldi eskainiko ditu irailaren 8tik 26ra, Galdakaon
Kultura
BINKE / 2021eko iraila
Kultur Plazak doako 61 ekitaldi eskainiko ditu irailaren 8tik 26ra, Galdakaon
Bigarrenez antolatu du Galdakaoko Udalak, Jai Batzordearen laguntzaz, Kultur Plaza ekimena. Aurtengoa irailaren 8tik 26ra izango da, doako 61 ikuskizunekin. Egitaraua hemen deskargatu dezakezu.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Pandemiaren gaitzak eraginda, Galdakaok ez ditu bigarrenez Santakurtzak ospatuko. Horren ordez Kultur Plaza antolatuko du Udalak Jai Batzordeko kideen eta kuadrilen laguntzaz, irailaren 8tik 26ra bitarte.
Guztira mota guztietako 61 ekitaldi antolatuko direla azaldu dute gaur Iñigo Hernando alkateak, Amets Iturbe Jaietako zinegotziak, Aiora Azagirre kultur progamatzaileak eta Jai Batzordeko kide Angel Ezkurrak. Ekitaldi guztiak doakoak izango dira eta gehienak kalean antolatuko dira 19 egun horietan. Besteak beste, Petti, Kai Nakai edo Willis Drumonden kontzertuak, kalejirak, dantza saioak, herriko taldeen kontzertuak, antzezlanak, ibilbide gidatuak, zinea kalean, pilota partidak… eta askoz gehiago.
Horrela zehaztu dute gaur, osteguna, Ardanza parkean egin duten prentsaurrekoan: «Ikuskizunak Ardanza parkean, Iturrondo plazan eta Aperribaiko frontoian izango dira, zine eta dokumentalak Urreta H.I ikastetxean, eta pilota partidak Kurtzea frontoian. Euria egitekotan, Torrezabal Kultur Etxera edo Urreta H.I ikastetxera eramango dira kalean aurreikusitako emanaldiak».
Ateak saioa hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dira eta sarrerak zein irteerak modu mailakatuan egingo dira. Segurtasun neurriak zorrotz jarraitu eta distantziak mantentzen direla ziurtatzeko, eserita ikusiko dira emankizun guztiak eta musukoa derrigorrezkoa izango da.
Kultur Plazak iraun bitartean, ikuskizunez gain, TikTok lehiaketa bat ere martxan jarri du Udalak 12 eta 16 urte arteko gazteentzat.
Azpiko estekan deskargatu daiteke datozen 19 egunetan Galdakaok jasoko dituen 61 ikuskizunen katalogoa, TikTok lehiaketaren berri barne.