Leia Legarda fitxatu berri du Euskal Selekzioak, igeriketa artistikoan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Club Sincro Urbarri
Espainiako Igeriketa Artistikoko txapelketan brontzezko domina lortu berritan eta Bizkaiko zein Euskadiko txapelketetan denboraldi ona eginda, Leia Legarda galdakoztar gaztea —argazkian, erdian— Euskal Selekzioan arituko da aurki.
Ourenseko (Galizia) Rosario Dueñas igerilekuak Espainiako igeriketa artistikoko txapelketa hartu du iragan asteburuan, Alebin-Promozioa eta Infantil-Bigarren Maila kategorietan. Txapelketa barikuan hasi zen, ekainaren 28an, haur bikote mistoaren finalarekin eta domekan amaitu zen haur bikote librearen, haurren talde librearen eta alebin bikote mistoaren domina-banaketarekin.
Domina-banaketa horretako podiumean lekua izan zuen Leia Legarda galdakoztarrak, brontzezko domina lortu baitzuen duo kategorian —argazkian, erdian—. Alebin kategoriako kirolaria da Legarda, eta azken boladako emaitza onek eraman dute Euskal Selekziora.
Etxebarriko Urbarri Sincro klubeko kidea da Leia Legarda gaztea, eta klubetik BINKEri adierazi dioten bezala, «denboraldi osoan Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan lortutako emaitza onetan oinarrituta» doa galdakoztarra Euskal Selekziora.