Mago de Oz, Bulego, Tremenda Jauría eta Zea Mays musika taldeak aurtengo Santakurtzetan
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Tomas Lizarazu, Bulego
Galdakaoko Udalak 2024ko Santakurtzetako musika talde nagusiak iragarri berri ditu, herritarrek parte-hartze prozesu baten bidez aukeratutakoak. Ondoko albistean batu ditugu prozesuaren nondik norakoak eta taldeen kontzertu-datak.
Azken urteetan ohiko izaten ari den bezala, Galdakaoko Santakurtzetako kontzertu nagusiak herritarrek erabakitzen dituzte erabaki.galdakao.eus atariaren bitartez. Eta hala erabaki dute aurten parte hartu duten herritarrek ere Ardanza parkeko kartel nagusia:
- Irailak 13, ostirala: Mago de Oz
- Irailak 14, larunbata: Bulego
- Irailak 20, ostirala: Tremenda Jauría
- Irailak 21, larunbata: Zea Mays
Martxoan abiatu zuen Galdakaoko Udalak 2024ko Santakurtzetako kontzertu nagusiak herritarren artean erabakitzeko prozesua. Lehenengo fasean musika taldeak —izenak berak— proposatzeko aukera izan zuten herritarrek, eta 460 talde-proposamen jaso ziren.
Ia bostehun proposamen horietatik zenbait talde baztertu egin ziren, Udalak iragarri duenez, ondoko arrazoiengatik: «Azken hiru urteetan Galdakaon aritu izanagatik, lau pertsona edo erakunde baino gutxiagok proposatua izanagatik, eta letretan, jarreretan edo jantzietan diskriminazio zantzuak adierazteagatik». Ondoren, balorazio teknikoa egin zen ezarritako irizpideen arabera, eta bozketa fasea abiarazi zen, egun bakoitzerako proposamen sorta batekin.
Udalak berak ohar bidez zehaztu du aukeratutako musika taldeak zein beste talderekin lehiatu diren, hitzez hitz:
«Bozketa fasean, Mago de Oz taldea gailendu da jaietako lehen eguneko kontzerturako, Kaotiko, Boikot eta Talko taldeek baino babes gehiago jasota. Jaietako lehen larunbaterako, irailaren 14rako, Bulego talde azkoitiarra izan da bozkatuena, Chill Mafia, Oxabi eta Su Ta Gar taldeen aurretik. Irailaren 20rako, larunbata, herritarrek Tremenda Jauría aukeratu dute, Mafaldari baino babes gehiago emanda. Eta irailaren 21ean Ardantza parkean egingo den kontzertu nagusirako aukeratua Zea Mays izan da, Nogen eta J. Martinari gailenduta».