Plataforma logistiko berria inauguratu zuen atzo Makro enpresak, Galdakaoko Itzaga industrialdean. Ekitaldian Iñigo Arriandiaga alkateak eta Monika Bailón Ekonomia Sustapeneko zinegotziak parte hartu zuten, besteak beste.
Makro konpainiak EAEko, Nafarroako, Kantabriako eta Asturiasko ostalariei eskaintzen dien banaketa zerbitzua indartuko duen biltegi zentrala inauguratu zuen atzo.
Galdakaoko Itzaga industrialdean kokatuta dago, eta 200 enplegu sortzeko aukera eskainiko du zentro berriak.
Inaugurazio ekitaldian Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak, Monika Bailón Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, Iñaki Ruiz Manzano Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako sailburuordeak, Jakes Agirrezabal Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeak eta Makroren zuzendaritzako ordezkariek parte hartu zuten.
Alkateak ostalaritzaren eta tokiko merkataritzaren garrantzia azpimarratu zuen, «herria bizirik mantentzen duten eragileak direlako».
Halaber, eragile ekonomiko, sozial eta instituzionalen arteko lankidetza indartzearen beharra nabarmendu zuen: «Denak behar bezala funtzionatu dezan makrotik mikrora joan behar da, gero berriro makroan eragin dezan».






