Manu Etxebarriak ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’ hitzaldia eskainiko du Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Galdakaok hitzaldi bi hartuko ditu Ondarearen Europako Jardunaldien baitan. Lehenengoa pasa den astean izan zen eta bigarrena Manu Etxebarriak eskainiko du eguenean, urriak 17, ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’ izenpean.
Aurten ere Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatzen dituen ekintzak jarri ditu martxan eta hauetako bi Galdakaon izango dira. Zehazki, hitzaldi bi antolatuko ditu Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.
Lehenengoa pasa den astean izan zen Torrezabal Kultur Etxean, Juanjo Olaizolaren eskutik, eta Galdakaoko garraio publikoen bilakaeraz aritu ziren, lehen diligentziatik hasi eta eraikitzen ari den Metroa izango dena arte.
Bigarrena aldiz eguenean, urriak 17, izango da 19:00etan Torrezabalen ere, eta kasu honetan Manu Etxebarria BINKEko kolaboratzaileak eskainiko du. ‘Erromeria topaleku Gorbeialdean’ izenpean, saio honetan euskal erromeriek topaleku legez izandako ibilbidea jorratuko da, leku-denboretako aldaketak kontutan hartuta.
Besteak beste, hitzaren etimologia aztertuko du Etxebarriak, eta eliza, santutegi eta ermiten inguruko erromerietatik dantza folklorikora izandako bilakaera historian zehar. Guzti horretarako, bibliografia idatziaz gain, Gorbeialdeko berriemaileengandik jasotako testigantzak ere erakutsiko ditu.