Mari Carmen Sánchez izango da berriz Galdakaoko PPren alkategaia
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: El Mundo
Maiatzeko udal-hauteskundeetan Galdakaoko PPren alkategaia izango dela iragarri du Mari Carmen Sánchezek. Gainera, aurreko legegintzaldian Galdakaoko Udalean zinegotzi izandakoak egungo Udal Gobernuaren kontra egin du, eta albiste honetan batu ditugu kritikak.
Galdakaoko azken udal-hauteskundeetan 585 boto jaso zituen Espainiako Alderdi Popularrak eta ez zuen ordezkaririk lortu udalbatzan. Aurtengo maiatzean egingo diren udal-hauteskundeetan ordea, emaitza hobea izatea espero dute PPtik eta Mari Carmen Sánchez izango da alderdiaren alkategaia.
Aurreko legegintzaldian zinegotzi izandako Sánchez berak iragarri du Twitterren bitartez. «Eskerrik asko Raquel Sánchez niregan konfidantza jartzeagatik», adierazi dio Bizkaiko PPko buruari.
Alkategai izango dela iragarri baino lehen, egungo Udal Gobernuaren kontra egin du Mari Carmen Sánchezek. Besteak beste, hauxe egotzi dio: «Mozio bat aurkeztu du osoko bilkuran, ideia politikoen diskurtsoaren kalitatea hobetzeko, giro atsegin eta eraikitzailea sustatuz. Irainak jasan nituenean eta faxista deitu zidatenean ordea isildu egin ziren».
Halaber, ondare katalogoan Udalak egindako kudeaketa kritikatu zuen. «Herritarren kexen ondoren, Galdakaoko gobernu taldeak ondarearen katalogoaren hasierako onarpena bertan behera uztea erabaki du. Hauteskundeak datozela igartzen da. Maiatzean ezustekoa eman behar diegu gure botoekin», adierazi zuen txio baten bitartez.