Maria Casillas igerilari galdakoztarrak Bizkaiko hiru errekor hautsi ditu
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Swim Camp Getxo
Pasa den astean Sabadellen ospatu zen Espainiako Igeriketako Txapelketa Absolutua eta horretan parte hartu zuen Maria Casillas galdakoztarrak. Swim Camp Getxo taldeko igerilariak hiru errekor hautsi zituen, banakako bat eta beste bi taldeka.
Urreta kiroldegian hasi zen igeriketan Maria Casillas gaztea, Galdakaoko Igeriketa Taldearen eskutik. Beraiekin hazi eta ikasi zuen eta urte batzuk herriko taldean eman eta gero Swim Camp Getxo taldean sartu zen.
Getxoko taldearekin hobetzen joan da eta pasa den astean Sabadellen ospatu zen Espainiako Igeriketako Txapelketa Absolutuan parte hartu zuen. Galdakoztarrak hiru errekor hautsi zituen, banakako bat eta beste bi taldeka.
Banakakoari dagokionez, Bizkaiko errekor absolutua lortu zuen bizkarrezko 50 metrotan, 29 segundo eta 49 ehuneneko denbora egin zuela. Aurreko errekorra 6 ehunen gehiagotan zegoen.
Taldean ordea, Mariak Cris Mardones, Naia Ibarrondo eta Ane Ibarrondorekin batera parte hartu zuen estilo ezberdinetako 4×100 metro frogan eta 4 minutu, 14 segundo eta 69 ehuneneko denbora egin zuten. Horrela, aurretik zegoen marka onena hobetu zuten.
Berdina egin zuten estilo ezberdinetako 4×50 metro lasterketan, Bizkaiko errekor absolutua lortu zutela lau neskek Sabadellen minutu bat, 55 segundo eta 61 ehuneneko denbora egin ostean.