
Metroa urtebeteko atzerapenarekin helduko da Galdakaora, 2029an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Eusko Jaurlaritza
Metroaren 5. linearen lanen aurrekontua beste 7 milioi euro garestitu da, Aperribai eta Galdakao lotuko dituen zatian aldaketak egin behar dituztelako. Honen ondorioz, Metroa Galdakaora iristea urtebete atzeratu da, eta 2029an helduko da.
Metroaren 5. linearen proiektuak, Etxebarri eta Galdakao batuko dituenak eta Usansolotik ere igaroko denak, aldaketa berriak jasan ditu. Zehazki, Aperribai eta Galdakao arteko zatian aldaketak egitea onartu du Eusko Jaurlaritzak, El Correo egunkariaren arabera.
Aldaketa hauek 7 milioi euroko garestitzea suposatuko dute proiektuaren aurrekontu orokorrean, eta baita lanen azken zatia 2028ko azarora arte ez hastea. Honen ondorioz, Metroa ez da Galdakaora helduko 2029ra arte.
Bizkaiko Foru Aldundiak Metroa Galdakaora 2027an helduko zela adierazi zuen 2022an, baina ostean 2028ra atzeratuko zela azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak. Adjudikazioa egin zenetik ordea, hainbat aldaketa tekniko barneratu dituzte proiektuan, eta aurrekoek atzerapenik eragin ez dituzten arren, Eusko Jaurlaritzak iragarritako azken honek 4 hilabetekoa sortuko du.
Gainera, El Correo egunkariaren informazioaren arabera, 4 hilabete haueiAperribai eta Galdakao arteko zatiaren lanak 10 hilabetetan zehar geldirik egon zirela gehitu behar zaie, aurreikusi gabeko arloak konpontzeko. Horrenbestez, urtebete baino gehiago atzeratu da Metroa Galdakaora heltzeko data.
Atzerapen hau eragin dutenaren xehetasunak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Batetik, Bengoetxeko geltokian aldaketak egingo dituzte:
N-634 errepidetik sarbide berri bat ezarriko da eta terminalak azkenean bi atari izango ditu, bat beharrean.
Bestetik, Galdakaoko Udalak eskatutako bi arlo barneratu dituzte proiektuan: herrian dauden etxebizitza berrien eraikuntza kontuan hartzea eta hondeaketetako soberakinak daramatzaten kamioiak herriaren erditik ez igarotzea.
Azkenik, antzeman duten beste arazoetako bat Abusun «legez kanpoko» zaborrontzi bat agertzea da. Honi ere konponbidea aurkitu behar diote hurrengo hilabeteetan.