Mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko inkesta egingo du Galdakaok

Galdakaoko Udalak herriko mugikortasunari buruzko galdetegia zabalduko du, egungo ohiturak ezagutu, hobetzeko aukerak identifikatu eta mugikortasun jasangarriagoa eta eraginkorragoa sustatzeko helburuz. Urriaren 7ra arte bete daiteke.

Mugikortasunari buruzko galdetegia zabalduko du Galdakaoko Udalak, «egungo ohiturak ezagutu, hobetzeko aukerak identifikatu eta mugikortasun jasangarriagoa eta eraginkorragoa sustatzeko helburuarekin».

Prozesu horren baitan galdetegia zabaldu du, eta urriaren 7ra bitarte bete daiteke webgune bitartez. Formatu fisikoan ere eskuragarri egongo da udaletxean, Torrezabal Kultur Etxean eta Aperribaiko liburutegian.

Ekimenak galdakoztarren joan-etorriei eta herriko mugikortasunari buruzko iritziak xehetasunez ezagutzeko aukera emango du. «Diagnosi fidagarri eta zehatzena bermatzeko asmoz, inkestak parte hartzaileen profilari buruzko datuak jasoko ditu, baita euren eguneroko joan-etorriei buruzko informazioa eta egunerokoan aurkitzen dituzten arazo edo oztopoak ere».

Mugikortasunaren inguruko azterketak ezinbestekoak dira jasangarritasunean oinarritutako neurriak hartzeko, baita tresna erabakigarria gaur egungo erronka nagusiei aurre egiteko ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira erregai fosilek sortutako isurketak murriztea, mugikortasun politikak energia, hirigintza, ingurumena eta beste arlo estrategikoekin integratzea, eta bizimodu aktibo, jasangarri eta ingurumenarekiko errespetutsuak sustatzea.

Hori dela eta, Galdakaoko Udalak «herritar guztiak gonbidatzen ditu prozesu honetan parte hartzera; izan ere, garrantzitsua da mugikortasun eredua eraldatzeko eta Galdakaok dituen beharretara egokitutako garraio sistema jasangarriago baterantz aurrera egiteko».