Muguru parkearen inguruko kaleak hobetzeko lanak hasi dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Irisgarritasuna hobetzeko eta haurren segurtasuna bermatzeko asmoz, Galdakaoko Udalak egokitze-lanak hasi ditu Muguru parkearen inguruko kaleetan. Besteak beste, errepidea eta espaloia maila berean jarriko dira eta Muguru kaletik parkera doan Sollubeko zatia oinezkoentzat bihurtuko da.
Herritarren eta batez ere txikienen erosotasuna eta segurtasuna bermatu nahi ditu Galdakaoko Udalak eta horretarako Muguru parkearen inguruko kaleetan egokitze-lanak egingo ditu. «Muguru landako lasaitasuna inguruetako kaleetara zabaltzea da helburua», azaldu dute Udaletik.
Batetik, espaloia eta errepidea altuera berdinean jarriko dira. Horretarako erabiliko duten materiala galtzada-harrien itxurakoa izango da eta honi esker autoak motelago joatea espero du Udalak. «Oinezkoei garrantzia emango zaie eta ibiltzeko leku gehiago ere bai, espaloiak handitu egingo baitira», adierazi dute Udal Gobernutik.
Bestetik, oinezkoentzat bihurtuko da Muguru kaletik parkera doan Sollube kalearen zatia. Errepidea eta bi espaloi dauden eremua plaza bat izango da aurrerantzean eta eserlekuak eta zuhaitzak egongo dira.
Halaber, Bizkai kalean sartzean eskuinaldean geratzen den aparkalekua bikoiztu egingo dute, zama-lanetarako guneak indartuko dira eta Bilbo kalea ere urbanizatuko da.
Lan hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzazioa jaso dute eta uda aurretik amaitzea aurrekusi du Udalak.