
Mundutik Galdakaora euskara tarteko
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Venezuela, Nicaragua, Sevilla, Valentzia eta munduko beste hainbat tokitatik etorritako lagunak batzen dira astero Galdakaoko udal euskaltegian, A1 mailako klasean. Ikasturte amaiera aprobetxatuz, haiekin izan da BINKE eta hizkuntza ikasteko prozesuan bizitakoaren inguruan hitz egin digute ikasleek.
Ikasteko nahiko zaila den hizkuntza dela diote askok euskararen inguruan. Beste hizkuntzekin lotura ez izateak eta hain ezberdina izateak neketsuagoa egiten du askorentzat prozesua. Hiztegia, aditzak, baldintzak… Hainbat dira zailtasunak.
Galdakaoko udal euskaltegiko A1 mailako —hasiera mailako— ikasleentzat ordea, euskara ikastea hautua eta jarrera da. «Batzutan behartuta etortzen dira hasieran, lan edo ikasketa kontuengatik, baina benetan talde honek duen jarrera bikaina da, gure hizkuntza asko errespetatzen dute eta maitatzen hasi dira», dio Ainhoa Uriartek, talde honen irakasleak.
Hamabi ikasle inguru batzen dira udal euskaltegian astelehen, martitzen eta eguaztenetan, 19:00etatik 21:00etara, eta BINKE haietako hamarrekin izan da eskola batean, ikasle hauen errealitatea gehiago ezagutzeko asmoz.
Maitasuna abiapuntutzat. Luisma Molina Valentziakoa da, eta duela hogei urte heldu zen Euskal Herrira. Euskal kultura eta horrenbestez euskara maite duela aitortu du, eta hain zuzen, maitasun kontuengatik hasi zen euskara ikasten gaur egun Usansolon bizi den valentziarra: «Nire bikotea erizaina da eta lanpostua hobetzeko euskara ikasten hasi zen. Eta esan nuen, ba ni ere hasiko naiz, horrela prozesuan laguntzeko aukera izan dezaket!». Gainera, herrialde batera heltzen zarenean hango ohituretan murgildu behar zarela argi du Luismak. «Euskara da hemengo tradizioen oinarrietako bat da eta niri euskal kultura asko gustatu zait hasieratik», azaldu du ikasleak.
Saharatik Arrigorriagara etorritako Oulad Brahim da jarrera honen beste adibideetako bat. Talde honen ikasle maitatuenetako bat dela antzematen da haiekin hitz egitean eta bere jarrera positiboa azpimarratu du irakasleak. «Nire bikotea euskalduna da eta nik ere euskara ikasi nahi nuela erabaki nuen. Gainera, oso polita iruditzen zait hizkuntza eta hau inguratzen duen guztia: aldarrikapena, kultura…», azaldu du ikasleak.
Errespetua erakutsiz. Omaira Diazek aldiz, Galdakaon bizi den basauritarrak, oposizioak egiteko eman zuen izena euskaltegian baina prozesuaz haratago, euskara gustoko duelako jarraitu du ikasten: «Egia da hasieran lana lortzeko etorri nintzela euskaltegira, baina benetan asko gustatzen zaizkit eskolak eta euskara ikastea honezkero ez da beharra, baizik eta nik nire kabuz hartutako erabakia».
Hautua da ere Maria José Corpasentzat. Sevillakoa da baina pandemian Usansolora etorri zen bizitzera lan kontuengatik, eta geratu da. «Asko gustatzen zait hemengo kultura eta Luismak esan duen bezala, uste dut herrialde batera heltzen zarenean oso aberasgarria dela bai zuretzat eta baita zure ingurukoentzat ere ohituretan murgiltzea. Eta nola ez, hizkuntza ezberdinak dituzten herrialdeetan, ba hauek ikastea», nabarmendu du emakume andaluziarrak.
Errespetua erakutsiz. Zaragozatik Galdakaora heldu zen Laura Lain gazteak ere argi du zergatik hasi zen euskara ikasten: «Galdakaon bizi naz, eta hori izan da arrazoi nagusia. Hemen bizi banaiz, hemengo hizkuntza ikasi behar dut».
Oposizio bat prestatu nahi zuelako eman zuen izena ordea euskaltegian Algortakoa den baina Galdakaon bizi zen Alasne Gonzalezek. Tomas Sanchez bilbotarrak ordea, lan finkoa du duela urte askotik eta orain hartu du hizkuntzan berriz murgiltzeko erabakia. «Euskara ikasi nuen txikitan baina guztiz ahaztu zitzaidan eta pena handia da. Horregatik, berriz gurea den hizkuntza erabiltzeko nahia sentitu eta ikastera jarri nintzen», dio ikasle bilbotarrak.
Galdakaoko ostalaritzan ezaguna den Ernesto Vega da talde honetako beste ikasleetako bat. La Habanan jaio zen eta duela 28 urte jaioterria atzean utzi eta bere emazte galdakoztarrarekin heldu zen gure herrira. Berarekin hitz egin zuen BINKEk iaz eta «pena handiz» esan zuen ez zekiela euskaraz baina ikasteko asmoa zuela, «noiz izango den ez dakidan arren». Aurten heldu da momentua eta «oso pozik» dago kideekin batera gure hizkuntzan murgiltzen. «Gainera zorte handia dut, etxean asko laguntzen didatelako», dio Urkiko tabernariak barrezka.
Institutuko ikasle birekin amaitu dugu aurkezpenen txanda: Maite Bonet eta Rebeca Padilla. Azken hau Nicaraguakoa da baina Galdakaon bizi da gaur egun eta euskaltegian izena eman du etorkizunerako behar izango duelako. «Rebeca oraindik ez dago behartuta euskaraz ikastera ikastolan baina bera eta bere familia kontziente dira etorkizunerako ezinbestekoa izango dela. Euskaltegia aurreratu eta modu errazago batean ikasteko espazioa dela uste dute», dio Uriarte irakasleak.
Venezuelatik Galdakaora heldutako Maite aldiz, behartuta dago eskolan euskara ikastera eta euskaltegiko eskolak erabiltzen ditu bere maila hobetzeko. «Ez du zerikusirik institutuan egiten dugunarekin, hemen errazagoa da, nire kideek nire antzeko maila dutelako eta gauzak hobeto azaltzen direlako», dio gazteak.
Euskara, integratzeko tresna. Arrazoi ezberdinak direla medio hasi ziren euskara ikasten, baina denak ados daude euskarak ematen dienaren inguruan galdetzean: «Euskarak gure herrietan murgiltzeko aukera eskaintzen digu».
Ouladek adibidez, bera mugitzen den giroetan oso erabilgarria dela azpimarratu du. «Nik askotan parte hartzen du euskaraz hitz egiten den ekintzetan eta pixkanaka bada ere, ulertzen joatea oso pozgarria da niretzat», dio.
Luismak ere orain euskarazko kantak eta kultura orokorrean hobeto ulertzeko aukera duela nabarmendu du. «Sevillakoa izanda euskara ikasten ari naizela esaten dudanean, oso erantzun positiboa jasotzen dut gehienetan eta lehenengo hitza euskaraz egitea eskatzen diot jendeari, kalean ere erabiltzen hasteko», dio Maria Josék.
Lexikoa, zailena. Bat datoz ere ikasle guztiak hizkuntzaren alderdi zailena aipatzean: lexikoa. «Hiztegia guztiz ezberdina da, ez gaude batere ohituta, eta horrek esfortzu handiagoa eskatzen digu. Baina pixkanaka-pixkakana ikasten goaz», diote, irakasleak ematen dituen erraztasunak aipatuz. «Egia da hizkuntza berri bat ikastea ez dela erraza, baina giro honetan egiteak asko errazten du prozesua. Askotan nagitasuna ematen digun arren, batez ere ordutegiarengatik, pozik gatoz klasera», adierazi dute.
Euskaltegitik kanpo. Eskolatik kanpo ere ekintzak egiten dituzte, eta Galdakaon euskararen alde antolatzen diren jardueretan parte hartu ohi dute: «Ainhoak asko animatzen gaitu gelatik kanpo ere euskara erabiltzera eta ekintzak egiteak asko laguntzen digu kalera ateratzen eta lotsa kentzen pixkanaka».
Jarrera mantentzea. Jarrera hau denboran mantentzea eskatu die irakasleak eta Galdakaoko Udalak zoriondu egin ditu euskara hizkuntza ofiziala ez den lekuetatik etorrita —edo udalerrikoak izanda ere, hainbat arrazoirengatik euskara ikasteko aukerarik izan ez dutenak—, gure hizkuntza ikastea erabaki duten pertsonak. «Ahalegin hori ezinbestekoa da gure hizkuntzaren etorkizunerako, eta euskara zaintzeko eta sustatzeko dugun konpromisoaren isla da. Udal gobernu honentzat, funtsezkoa da euskara ikastera animatzen direnek ahalik eta toki gehienetan erabiltzea ere bai, alegia, ikastea eta ikasten duten hori erabiltzea. Beren dedikazioa gure hizkuntzaren iraunkortasunaren eta hazkundearen bermea da. Halaber, euskara ama-hizkuntza izateagatik edo eskolan edo euskaltegian eskuratzeagatik euskara beren bizitzako esparru guztietan erabiltzea sustatzen jarraitzen duten pertsona guztiak aitortu eta zoriondu nahi ditugu. Eguneroko ahalegina funtsezkoa da euskarak gure kultur nortasunaren motorra izaten jarrai dezan. Azkenik, euskaltegietako irakasleei eskerrak eman nahi dizkiegu. Beraiek dira, dedikazio eta pasioz, euskarak bizirik jarraitzea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea ahalbidetzen dutenak», adierazi dute Udaletik.
Integratzeko laguntza. Ikasleek haien aldetik instituzioen laguntza eskertu dute, batez ere dirulaguntzei dagokienez, baina erraztasun gehiago eskatzen diete ere: «Adibidez jende askoz gehiago animatuko litzateke ikasturte amaieran dirua bueltatu baino, hasieran ez bada kobratzen, edo beste modu batera eginda. Kanpotik gatozenok batez ere zailtasun asko ditugu hasieran eta ekonomikoki ere ez da erraza izaten herri berri batera heltzea».
Maitek eta Rebecak aldiz, haientzat bereziki garrantzitsua den eskaera bat egin dute: «Hemen nahiko zaila da luzetik sortutako kuadrilla batean sartzea, baina gazteei eskatzen diegu guri aukera bat ematea. Gu etengabe saiatzen ari gara integratzen eta hemengo ohituretan murgiltzen, baina haien laguntza behar dugu ere. Enpatia pixka bat baino ez dugu eskatzen, guztiontzat aberasgarria izan daitekeelako harremanak estutzea». •