Nieves Zabala: «Euskal Herrian daukagun asoziazionismo gaitasuna zoragarria iruditzen jat»
Nieves Zabala, biologoa
BINKE / 2018ko uztaila
«Euskal Herrian daukagun asoziazionismo gaitasuna zoragarria iruditzen jat»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Ezagunak dira Zabalatarrak Galdakaon, eta herrian hamaika saltsatan ibiltzeaz gain, bakoitzak bere arloan lan handia egin eta egiten duen familia da. Izen on horren aitzindaria Pontzi Zabala medikua izan zen, eta bere atzetik etorri zen Nieves alaba nagusiak hartu zion lekukotza.
Historian herriak eman duen mediku ezagunena izanda aita, zerbait ikasiko zenuen ba medikuntzatik, ezta? Txikitatik lagundu izan dot aite, errezeta edo sendagaiak egiten. Gainera, kontsultea bera etxean eukiten genduan eta herritarrak edozein ordutan etortzen ziran, aitak atenditzeko. Lehen, familia medikuak 24 orduetan egoten ziran lanerako prest eta medikuntzatik ez eze hori be ikasi genduan beragandik: besteei laguntzen ikastea.
Baina planak egin gabe utziko zenituzten ere sarri bere prestutasunagatik, ezta? Bai, egia da batzutan familiako plan batzuk ezin izaten genduazala egin aitek batan bati lagundu behar eutsalako, baina berari bardin eutsan, beti joaten zan alai, bere larrosa edo krabelina jakean zintzilik! (irribarretsu)
Herriari asko eman dion aita izan duzue… Zer jaso duzue beragandik? Idealista handia zan, eta gizatasun handiko pertsona. Oso galdakoztar eta euskotarra sentitzen zan, eta beti prest egoan bere balore eta idealengatik borrokatzeko. Baina medikua zan bokazioz, eta danaren gainetik pertsonak egozala esaten eban.
Zehazki zergatik esaten zuen hori? Nahiz eta berak zer zan eta zer gura eban ondo jakin, bardin eutsan zeintzuk ziran lagundu edo atenditu behar zituan pertsonen iritzi, ideologia, maila sozial, politiko edo erlijiosoak. Danak hartzen zituan etxean! Eta gehiago oraindik, eurenganako interes handia jartzen eban be, osasunetik harago. Bere hurbiltasun eta bokazio hori jaso dogu aitegandik.
Eta herriak ere, bueltan, emango zion ezer aitari, ezta? Galdakaok, bere herriak, asko emon eutsan aiteri: lagunak, baloreak, bere lana hurbiltasunez egiteko aukera, pozak… eta buruko minen bat edo beste be ziur! Baina mimo handiz gogoratzen doguz hainbat ekitaldi.
Baten bat aipatzerik bai? Zelan ez ba! Omenaldi batzuk aipatu gura neukez. Andra Mari dantza taldeak etxearen aurrez-aurre egin eutsana zoragarria izan zan, oso kutuna, familiarra eta balio sentimental handikoa aite, ama eta gutzako guztiontzako. Onarpen instituzionalak be izan dauz, tartean Udalak herritar bati egin ahal deutsan handiena: Galdakaoko «seme kutuna» izendatu eban Pontzi Zabala, gure aite. Etxean maitasun handiz erakusten dogu eskaini eutsien aginte-makila! Eta esan barik doa bere izenean «gure» betiko kalearen izena jarri izana… Etengabeko omenaldi bat da guretzako.
Aitaren antzera, herritarrenganako konpromisoa izan duzu zuk ere gaztetatik, ezta? Lanean hasi nintzanean, ordura arte jasotako dana gizarteari bueltatzeko garaia zala sentitu neban, eta kooperazioaren mundura gerturatu nintzan. Medicus Mundi alkartean hasi nintzan, osasunaren inguruko Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bat izateagatik. Lankidetzaren munduan egozan beharrak berehala ikusi nebazan talde honetan, bereziki GKE desberdinak koordinatzeko orduan, eta horrela Euskadiko GKE-en Koordinakundean be hasi nintzan. Hortik urte batzuetara, Eusko Ikaskuntzak bere «Giza-bikaintasunaren Kontseiluan» parte hartzeko proposamena egin eustan, eta nik onartu!
Hori ba saltsa hori! Tira, egin dezagun berba Medicus Mundi taldeaz. Bizkaiko eta Espainiako presidentea izan zara. Biologa bat, medikuen talde bateko buru? Zelan ulertu daiteke hori? Medicus Mundi GKE sanitario bat da eta nazioarteko osasun-proiektuetan egiten dau lan, baina horrek ez dau esan gura dana medikuntzara lotuta dagoanik. Diziplina askoko ikuspuntua dauka, eta beraz talde honetan be elikaduraren, uraren, ingurugiroaren… aldeko ekimenak jartzen dira martxan. Halanda be, hori holan izango ez balitz be, pobrezia eta goseagaz amaitzeak, edota mundu hobe bat eraiki gura izateak, norberaren ogibideagaz ez dauka zerikusirik.
Gobernuz Kanpoko Erakunde (ONG) independente eta ez-konfesionala dela diozue. Non daude beraz garai bateko misiolariak? Egia da Medicus Mundik harreman handia izan dauala euskal misiolariekaz —bereziki Afrikan eta Hego Amerikan— honeik izan ziralako bere garaian, GKE-rik ezta antzeko alkarterik ez egoanean, lan kooperatibo hori egiten ebenak. Eta eskertuta gagoz eurek egindako lanagatik, baina horrek ez dau esan gura Medicus Mundi elizara lotuta dagoanik. Euskal Herriko GKE zaharrenetarikoa dan ikuspuntutik kooperazioaren eboluzio guztia bizi izan dogu talde horretan, misiolarietatik hasi eta gaur egungo boluntarioetan amaituta.
Diozun moduan, gaur egun boluntarioez bizi dira talde asko. Zelan ikusten duzu elkartasunaren arlo hori? Euskal Herrian daukagun asoziazionismo gaitasuna zoragarria iruditzen jat, gizarte aktiboaren parte sentitzen garala esan gura daualako eta baloreetan eraikitako gizarte parte-hartzaile bat berregiteko gaitasuna emongo deuskulako horrek. Baina alderdi negatibo bat ere badauka gehiegizko alkartasun «deskontrolatuak»: atomizazio handia dago alkarte eta GKE-n partetik, eta horrek eraginkortasunari kalte egiten deutsala uste dot.
Eta munduko gosea, murrizten ala areagotzen ari da? Herrialde txiroen egoera ez dabil hobetzen, pobre eta aberatsen arteko aldea ere gero eta handiagoa da… eta honi ezin deutsagu entzungor egin, danon ardura dalako munduko gose eta txirotasunagaz amaitzea.
Goseaz hitz egiten ari garela, zuek ur eta jakiak ikertzen dituzue zuen laborategian. Zertarako? Kontsumitzen doguzan elikagai guztiak seguruak izan daitezan eta osasun arazoak sortu ez dagiezan. Elikadura osasuntsu eta arduratsuan aurrera pausoak emoten saiatzen gara gure laborategitik, bereziki higiene, nutrizio eta osasun aldetik.
Gainera zerbitzu guztietako osasun-exijentziak zorrozten ari dira… Duda barik. Horregatik Biotalden aholkulari eta ikerlari lanak egiten doguz, elikadura-segurtasuna bermatzeko.
Elikaduran baino ez duzue lan egiten? Ez horixe, uraren analisiak egiten doguz, bere esparru guztietan, baita aisialdikoetan be: igerilekuak, spak, hondartzak… edota higiene pertsonalerako uretan be, dutxetan, esaterako. Inportantea da edatekoak ez diran —baina edan ahal diran— ur horreik be kontrolatzea. Holan datoz gero komunikabideetan ikusten doguzan kutsadurak pertsonengan.
Ez dezagun beraz arnasten dugun aireaz berba egin, ezta? Egin beharko geunke. Horrek asko arduratzen nau gainera. Eraikinetan arnasten dogun airea be badakigu zelakoa dan? Ordu asko pasatzen doguz bulego, zentro komertzial, ospital edo eskoletan, esaterako, eta eraikin guzti hauetako aireak kalitatezkoa behar dau izan, osasun arazoak sortzen dira bestela.
Txoritxo batek kontatu digu gonbidatu «bereziak» izan dituzuen ekitaldietan aritu zaretela lanean ere… Bai! (barreka) Ekitaldi handiak edo garrantzitsuak antolatzen dabezan enpresa askogaz egiten dogu lan, eta holakoek jatordu asko antolatzen dabez, horregatik Espainiako Erregea edo maila handiko politikariei zerbitzatuko deutsiezan janariak be ikertu behar izan doguz, eurek jan baino lehen.
Edozein herritarrek bazkaltzen duen lekuan horrelakoak egiten dira ala? Elikagaiak eskaintzen dabezan establezimendu guztiek titulu eta autokontrolerako sistema guztiak indarrean izan behar dabez, jendearen osasunagaz «olgetan» dabizelako, baina pertsonai «oso oso garrantzitsuak» egoten diran bazkari edo afarietan kontrol handiagoak egoten dira.
Lehen igerilekuen urez aritu zarela, eta orain igerileku-sasoian gaudela jakinda, galdera zikintxo bat: zergatik jartzen dira hain protokolo zorrotzak martxan pertsona batek igerilekuan kaka egiten duenean? Gure gorotzek gizakiarentzako kaltegarriak diran mikroorganismo asko daukiezela hartu behar dogu kontutan. Mikroorganismo horreik arin hedatzen dira uretan, eta edonork kutsatutako ur hori edan ezkero —bereziki osasun aldetik ahulak diranek— osasun arazo zinez larriak izan leikez. Horregatik batan batek igerilekuan kaka egin ezkero igerileku guztia hustu behar da, mikroorganismoak kentzeko.
Tira, Biotalden lan goxoagoak ere egingo dituzue, ezta? Bai, noski! Asko gustatzen jataz obradore, ikastola edo residentzietan egiten doguzan lanak, baina danetarik egiten dogu: erakunde eta negozio askotako urak edangarriak diran kontrolatu, legionelosis eta antzekoen prebentzioa, aireraren kalitatea, ikastaro edo formazioak emoten doguz… polita da biologoen lana! (irribarretsu)
Eta lan bikaina egiten duzuena gainera! Bilboko Mediku Zientzien Akademiak iaz Ohorezko Akademiko izendatu zintuen, zelan jaso zenuen saria? Susana nire bazkideari eta bioi emon euskuen saria Biologia sailean, eta zer esango deutsut ba, pozarren gagoz!
Horrek lan egiteko indarrak emango ditu, ezta? Zalantza barik, zure ibilbide profesionala onartu eta saritzeak beti emoten dau indarra egiten zabizen horretan hobetzen jarraitzeko. Hogeita hamar urteko ibilbidean beti dagoz garai zailak, baina eskertzekoa da nonork gogoraraztea une zailek be merezi izaten dabela.