
Ortua duen herria ez da gosez hilko
Galdakaoko ortu ekologiko munizipalak
BINKE / 2018ko uztaila
«Ortua duen herria ez da gosez hilko»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Titularreko aipua aspaldi ikusi zuen galdakoztarren batek Soraluzeko horma batean, eta geroztik Galdakaoko Ortuondo proiektuaren goiburua ere izan da. Arrazoia izan ala ez, gero eta joera nabarmenagoa dago ortuetan lan egitera, baita inoiz orturik izan ez duenak ere. Galdakaon gertatzen ari da. Eta horrek badu bere zergatia.
Txikitatik esan izan digute, gure gogoaren kontra sarri —adinaren kontua omen—, fruta eta barazkiak derrigor jan behar ditugula. Onak direla. Osasuntsuak. Natural-naturalak. Eta gure gurasoak ez ziren arrazoi faltan ibili. Ordea, egunero jaten ditugun fruitu eta barazkiek, fruta eta barazki izate hutsagatik, ez dute nahitaez jakirik-eta osasuntsuenak izan behar. Are gutxiago natural-naturalak. Ba al dakigu supermerkatuan edo gune komertzial handi batean erositako jakiak zelan landatzen eta jasotzen diren? Horixe da auziaren iltzea: horren arabera izango da gure elikadura osasuntsuagoa ala uste baino kaltegarriagoa.
Gero eta globalizatuagoa den munduan eta gure elikadura multinazionalen esku utzi genuen unetik boteredun gutxi batzuek erabakitzen dute zer jan behar dugun. Elikadura eta multinazionalak. Ez da ba «binomio» makala!
Negozioaren elikadura. Jakina da enpresak diru-irabaziak izateko sortzen direla, eta elikaduran aritzen diren enpresen helburuak ere ez dira xede horretatik urruntzen. Horrela ba, gero eta pertsona gehiago bizi garen mundu honetan, baliabide naturalen ustiapena gero eta «basatiagoa» da, herritarren gehiengora iritsi eta, ondorioz, produktu horien salmentatik ateratzen diren etekin ekonomikoak handitu ahal izateko.
Ez omen dago denontzako jakirik —ez behintzat dirua emango duenik—, horregatik fruta eta barazkiak ere aizuntzeko dagoen joera arduratzekoa da. Horrela, kantitatea bermatzen dute, kalitatearen kalterako.
Baina «jaten duguna gara» esamoldea ez zen ezerezetik sortu, eta aurretik aipatutakoaren jakitun, gero eta gehiago dira ahora daramaten elikadura zaintzen dutenak. Baina zelan jagon jaten duguna ez bagara supermerkatuez fidatzen? Badira hainbat aukera, baina betikoa, etxekoena eta fidagarriena: norberak ekoiztea jango duena.
Ortu ekologikoak. Denak ez gara baserri inguruan jaio, eta denok ez ditugu landa gunearekin harremana izateko aukera berdinak eduki. Errealitate hori aintzat hartuta eta elikaduran ere herritar askok gero eta burujabeagoak izan gura dutela ikusita, 2015ean ortu ekologiko publikoak sortu zituen Galdakaoko Udalak Egia inguruan, Errekalde auzoaren eta Egia zein Eguzkibegira doan aldaparen artean.
Proiektu honek hasieratik izan duen harrera ona ikusita, iaz handitu egin zen partzela kopurua. Gaur egun, guztira, 36 ortu daude eta bi Udalak erabiltzen ditu helburu pedagokikoetarako. Baratze bakoitza 50 metro koadro ingurukoa da eta hauen ondoan txabolatxoa ere badago, hiru gunetan banatuta: aldagela-komuna, gela-bulegoa eta lanabes-biltegia.
Zerbitzu honi etekina ateratzeko dinamizazio-zerbitzua ere badago erabiltzaileen eskura —Xabier Gomez monitorearen eskutik—, eta aholkulari lanak ere egiten ditu zerbitzu berak, antolaketa, beharrizan edo produktuen aukeraketaz gain, laborantza ekologiko eta naturalena egiteko aholkuak eta ikastaroak eskainiz.
Elikadura burujabearen kontziente. Binken ezin ginen proiektu hau gertutik ezagutu barik gelditu, eta ortuetara igo ginen herritar erabiltzaileren bat ezagutzeko. Hortxe aurkitu genuen Rosa Rementeria eta Fernando Bediaga bikotea, fin-fin lanean!
Udalak iragarri ondoren, esperientzia frogatzea erabaki zuten Rosak eta Fernandok, etxetik hurbil eta urteko tasa «sinboliko bat» ordaindu behar zela kontuan hartuta, «gustatu ezean, beti zegoelako uzteko aukera». Proiektua Galdakoan martxan jarri denetik daude ortua lantzen, eta aurretik landa-gunearekin loturarik izan badute ere, «laguntzaile lana baino ez genuen egiten, gurasoek izaten zutelako baserriko baratzearen ardura».
Euren lursaileko produktuen aniztasunagatik galdetzean, denborarekin barazki gehiago sartzen joan direla onartzen dute: «Bereziki patatak eta bertako baserrietan landatzen diren ohiko barazkiak landatzen genituen hasieran, baina gure ortukideak ikusita kalabazinak, erremolatxak, pepino edota berenjenak ere landatzen hasi ginen».
Norberak bere ortua lantzea ez da aisialdiarekin lotutako zeregina, eta bikote galdakoztarrak onartu egiten du euren elikaduraren kontrol handiagoa dutenetik desberdintasuna nabaritzen dutela euren egoera fisiko eta psikologikoan.
Penaz kontatzen dute Rosa Rementeria eta Fernando Bediagak, ortu ekologiko eta publikoen lehenengo erabiltzaileek, lau urtez ortua ustiatzeko emakida 2019ko udaberrian amaituko zaiela. Baina ulertzen dute itxaron zerrenda dagoela eta «aukera ezin hobe hau beste herritar batzuei eskaini behar zaiela». •
