Oinarineko joaldunek Olentzerok eta Mari Domingik Bilbon egindako kalejiran parte hartu zuten
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Oinarin Dantza Taldeak bidalitakoa
Abenduaren 23an kalejira egin zuten Olentzerok eta Mari Domingik Bilboko kaleetatik zehar eta honetan Oinarin Dantza Talde usansolotarreko joaldunek parte hartu zuten. Urtero egin ohi dute eta aurtengo kalejiran hamar kide izan ziren.
Olentzerok opariz bete ditu honezkero Euskal Herriko etxeak baina horren aurretik herrietako kaleetan zehar ibili zen Mari Domingirekin batera kalejiran. Bilbon abenduaren 23an egin zuten Carlton hoteleko harreratik abiatu zen ibilbidea.
Olentzerok eta Mari Domingik hainbat laguntzaile izan ohi dituzte kalejira honetan, haien artean Oinarin Dantza Taldeko joaldunak. Duela urte askotik talde usansolotarreko joaldunak haiekin batera ibiltzen dira Bilboko kaleetan zehar eta aurten ere horrela izan da.
Unai Etxezarraga usansolotarra izan zen hauetako bat eta BINKEri azaldu dionez, hamar joaldun izan ziren aurten. «Mari Domingi eta Olentzero irtetzen direnean euren atzetik hasten gara baina jarraian ikuskizunean parte hartzen duten pertsonaia, karroza eta beste guztiak aurreratzen ditugu eta aurrean jartzen gara, hau da, ikusikizunari hasiera ematen joaten gara», adierazi du Etxezarragak.
Bere hirugarren aldia da kalejira honetan joaldun bezala eta aitortu duenez, «umeen ilusio aurpegiak ikusteak ez du preziorik»: «Jende piloak eskatzen dzikigu argazkiak umeekin eta gu pozik gaude euren irribarreak ikusten. Pasa den urtean ume txikitxu bat gerturatu zaitzaidan bere amarekin negarrez, ezin izan ziola eman Olentzerori bere gutuna jende asko zegoelako. Joaldun bezala, Olentzeroren laguna naizenez, mesedez Olentzerori gutuna emateko eskatu zidan. Baiezkoa emon nion eta zelako poztasun aurpegiarekin geratu zan umea!».