On Kafek eta Sorgiñek irabazi dute aurtengo Pintxo Lanperna lehiaketa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Aurtengo Pintxo Lanperna lehiaketaren sari profesionala irabazi du On Kafek hamairu tabernaren artean, bigarren postuan Station Wagon eta hirugarrenean V-Bat geratu direla. Herritarren artean aldiz, Sorgiñek prestatutako pintxoa izan da garailea 160 botoren artean. Gaur bertan banatu dira sariak taberna irabazleetan.
Gaur eman dira ezagutzera Galdaoko Udalak, Gu Dendari elkarteak eta Ostalaritza LHII Galdakaok antolatutako aurtengo Galdakaoko Pintxo Lanperna Lehiaketaren garaileak, sariak tabernetan bertan eman direla. Kurtzea plazako On Kafek irabazi du epaimahai profesionalaren saria pintxo begano bati esker, «beganoa delako, erakutsitako teknika berritzailea izan delako, ausarta izan delako eta taberna bera ederki girotu duelako».
Iban Cortes On Kafeko ostalariak tabernan jasotako sariaitortu duenez, «aurten ausartak izan gara eta dirudienez gustatu izan zaie». Pintxo irabazleak hainbat osagai ditu: zekale ogia, Portobelloko txanpiñoi patea, Boletus edulis konfitatua, boniato purea eta espinaka frijitua. Iragarri dutenez, domekan izango da berriz ere On Kaferen pintxo irabazlea frogatzeko aukera.
Epaimahai profesionalak egindako balorazioaren ondoren Urretako Station Wagon izan da bigarrena «teknika berritzailea erabili dutelako eta oso ondo bideratuta egon delako» eta Agirre Lehendakariaren plazako V-Bat hirugarren, «proposamen eraginkorra» aurkeztu duela.
Herritarren artean berriz Sorgiñek prestatutako pintxoa izan da gustukoena. «Oso pozik eta harro sentitzen gara», aitortzen dute tabernatik. Garaipenari esker jende asko hurbildu dela aitortzen dute Sorgeñetik, guztira 1.500 pintxo inguru saldu dituztela. Elaborazioa Asturiasera egindako bidai batean hasi zela azaldu dute eta hurrengo osagaiak izan ditu: gari ogizko oinarria, barazki odolostea, sagarra, niskaloak, foie eta belar-uxuala.
Asteburu oso bat izan zuten auzokideek parte hartu duten hamairu tabernetako pintxoak dastatu eta botoa emateko. Horretarako, zigilua jarri behar zuten Gu Dendarik emandako orri batean eta sei izan ostean elkarteari eman ahal zioten gehien gustatu zitzaiena adierazteko. Orotara, 160 herritar inguruk eman dute botoa eta haien artean asteburu bateko bidaia zozkatu da.
Lehiaketa «oso estua» izan dela azaldu Javi Goikoetxeak, Behargintzako arduradunak, batez ere sari profesionalen artean. Horregatik, antolakuntzatik maila altua eta egindako ahalegina eskertu dute. «Onddoak oso errotuta daude herrian eta ostalaritzan hau uztartzea oso garrantzitsua da», adierazi du Iñigo Hernando alkateak. Ildo berean, eskerrak eman ditu Aitziber Bonillak, Gu Dendari elkarteko presidenteak: «Hurrengo urtean taberna gehiago animatzen ditut parte hartzera».