Pako Revueltas galdakoztarra Vaya Semanita saioan dabil aktore
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Lau urteko etenaldiaren ostean, arrakasta handiarekin bueltatu da ETB2ra Vaya Semanita saioa. Hainbat aktore ezagun ikusi daitezke proiektuan eta baita galdakoztar bat ere: Pako Revueltas.
Urte luzez arrakasta handia izan ostean, agur esan zuen Vaya Semanita programak duela lau urte. Duela aste batzuk ordea, berriz bueltatu zen ETB2ra umorea oinarri duen saioa, berriz ere audientzia datu altuekin.
Denok ezagutzen ditugun ‘Txori eta ‘Jonan’, kuadrila mitikoa eta beste hainbat pertsonaia ezagun ikusi daitezke aro berri honetan, eta baita pertsonaia berriak.
Besteak beste, Pako Revueltas galdakoztarra dabil telesailean, pertsonaia ezberdinen paperean. «Sketch askotan parte hartzen dut, pertsonaia ezberdinak interpretatzen», azaldu dio Revueltasek BINKEri.
«Saioa egiten duten produktorarekin umore sketchak egin ditut gabonetan eta Vaya Semanita berriz jarri zutenean haien deia jaso nuen proiektuan parte hartzeko», adierazi du aktoreak.
«Oso pozik nago. Oso proiektu arrakastatsua da eta jendearen babesa jasotzen dugu emititzen den bakoitzean», nabarmendu du Revueltasek.