Patri Espinar: «Gizonek erakutsi behar dutenaren bikoitza erakutsi behar dugu geuk»
Patri Espinar, pilotaria
BINKE / 2017ko martxoa
«Gizonek erakutsi behar dutenaren bikoitza erakutsi behar dugu geuk»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Zer da profesional izatea? Egiten duzun horretatik bizitzea? Ala zure bizitza guztia horretara eskaintzea? Bigarrenez jarraian pilota mundua dugu protagonista. Baina errealitate eta ikuspuntu guztiz desberdinetik begiratuta, Patri Espinar pilotari usansolotarra pilotaz bizi ez bada ere, pilotari eskaintzen baitio bere bizia. Ezin du «profesionala» izan, emakume izate hutsagatik.
Zergatik zara notizia? Gizartearentzat emakume esku pilotariok orain hasi garelako existitzen Emakume Cup Txapelketa sortu zenetik eta Larrabetzuko Txokoan Elkartea —emakumeen lehenengo eskuzko elkartea— sortu zenetik. Notizia gara, hein handi batean, Iker Amarika larrabetzuarrak eman digun oihartzunari esker.
Noiz utziko dio emakumeak, emakume izate hutsagatik, albiste izateari? Dena normalizatzen denean. Berdintasuna jendartean lortzen dugunean, eta horri lotutako kiroletan, noski. Desorekak, diskriminazioak eta ezberdintasunak existitzen jarraitzen duen bitartean ezinezkoa izango da normaltasuna eta berdintasuna aurkitzea gizartean eta kirolean.
Iazko apirilean, Ainhoa Alvarez eta Alazne Gomez Athleticeko jokalariek esan ziguten «partida garrantzitsuak ez badira, Lezamako zelaia betetzea ere ez dutela lortzen». Identifikatuta sentitzen zara? Bai, askotan gertatzen da emakumeen kirolean eta kirol txikietan. Hala ere, Athleticen egoera ezin da konparatu beste ekipoekin eta beste kirolekin. Ekipo pribilejiatuan daude emakumeen beste kirolekin alderatuta —tenisa, eskubaloia eta besteren bat izan ezik—.
Athleticeko neskek ez dute gauza bera esaten ba… Emakumeen kirola ezezaguna denez ez ditu jende masak mugitzen normalean. Hala ere, ez dut uste Athleticen kasua larriena denik, kontrakoa. Nik Lezaman publiko dezente ikusi izan dut beti, eta Athleticen bigarren mailan jokatu nuen hasierako urteetan.
Hara! Hortxe beste notizia bat! Bai, eta horregatik diot… baliabide material, instalazio eta entrenamenduen antolaketa aldetik oso egoera pribilegiatuan geundela uste dut, emakumezkoen kirol gehiengoarekin konparatuz.
Eskupilotara bueltatu zarenetik, ordea? Azken aldian ezin kexatu. Frontoiak bete ditugu askotan: Bilbon, Donostian, Galdakaon, Azpeitian, Arantzan… frontoiak gainezka ikusi ditut. Palan, ordea, ez zitzaigun hori gertatzen, senideak eta pilotariak baino ez ziren gerturatzen. Iker Amarika falta zitzaigun bultzada emateko! (barreka)
Frontoiak betetzeaz ari garela… Zornotzako Zelaieta pilotalekuak gainezka egin zuen Emakume Master Cup-aren finalean! Bai, aforoa beteta eta jendea kanpoan gelditu zen. Iaz Larrabetzu ere bete-beteta zegoen. Eskuz nabilenetik frontoiak beteta ikusten ditugu. Neurri honetako txapelketetan edo festetako jaietan jokatzen dugunean bereziki. Baina palaren eta zesta-puntaren errealitatea beste bat da, askoz okerragoa.
Emakumezkoen eskupilota modan jartzen ari da, beraz? Modan dago telebistan, prentsan, irratian eta sare sozialetan agertzen den dena, horrela hartzen du indarra modan jartzen den gauza orok. Orain hasi gara komunikabideetan agertzen eta lur azpitik ateratzen. Hasi gara existitzen.
Baina ez zarete pilotan orain jokatzen hasi… Agian eman dezake orain hasi garela neskok pilotan jokatzen, baina bizitza osoan aritu gara. Eta kontu hau moda iraungikor batean ez gelditzea espero dut.
Argi dago gero eta jende gehiago doala zuen partidak ikustera. Berdintasunaren aldeko kontzientzia dutelako ala benetan ikuskizun ederra egiten duzuelako? Esango nuke gauza biak direla. Alde batetik, gizartea kontzientzia hartzen ari da, gero eta gizarte feministagoa osatzen ari garelako, zorionez. Jendea gu ikustera joaten da berdintasunaren aldeko kontzientzia piztu zaiolako eta berdintasuna nahi duelako. Guk bultzada hori behar dugu gainera. Eta bestetik, jendeak ondo jokatzeko gai garela ikusten duela pentsatu gura dut, eta hori ia ez dugula eskuz entrenatzen! Imajinatu Aspek edo Asegarcek gure aldeko apustua egingo balu. Askoz hobeak izango ginateke fisikoki, teknikoki eta beste zentzu askotan ere!
Inpaktuko kiroletan beti gizonek egiten dutenarekin alderatzen da zuena, eta indarra izaten da arrazoi nagusi. Indarra al da ikuskizuna bermatzeko faktore bakarra? Beti dago joera bera: gizonak eta emakumeak konparatzea. Baina kontutan hartu behar dugu oso gorputz ezberdinak ditugula emakume eta gizonek, fisiologia kontuetan oso ezberdinak gara. Gizonek gihar masa handiagoa dute, ondorioz indar eta potentzia gehiago. Emakumeok aldiz, koipe masa gehiago dugu eta malguagoak gara. Orduan giharrak elastikoagoak ditugu baina finagoak eta ez hain indartsuak…
Beraz, zein ekarpen egiten diozue kirol honi? Gaitasun fisiko desberdinak ditugu eta hori gure jokoan islatzen da. Ezberdin jokatzen dugu: ez dugu hain indartsu jotzen, ez gara hain azkar mugitzen eta ez dugu hainbesteko potentziarik, baina joko polita egin dezakegu nahiz eta hain gogor ez jo. Pilota alde batetik bestera mugitzen dugu, eta teknikoki zein taktikoki oso onak izan gaitezke!
Zuk aldiz, 17 urtera arte pilota gogorrarekin jokatzen zenuen, gizonezkoek jokatzen dutenarekin. Bai, Usansolon mutilekin batera hasi nintzen eskuz, nire ustez pilotari bat gehiago nintzen elkartean, besteek bezala entrenatzen nuen: pilota gogorrekin eta takoekin. Pilotari bat gehiago nintzen eta eskuetatik nahiko ondo ibiltzen nintzen, erresistentziaz, indarraz, abiaduraz, teknikaz ere ondo aritzen nintzen haur eta kimu kategorietan…
Hortik aurrera? Kadeteetan batzuk nabarmentzen hasi ziren, ni ez ordea… Eta gazteetan aldea nabarmena zen: mutilen gaitasunak asko hazi ziren, indarra eta kolpea bereziki, eta nire indarra eta kolpea bertan gelditu ziren.
Une gogorrak bizi zenituen horregatik? Nire buru eta gorputzarekin pilo bat borrokatu nuen baina ezinezkoa zen mutilekin aritzea eta pilota pisutsu eta gogor horiekin jokatzea, gehiegizkoa zen niretzako; pisu gehiegi zuten pilotek. Gazteetan jada, airez eskua beldurrez sartzen nuen… Pena handiz eta etsita utzi nuen eskupilota. Gaur egun neskok pilota goxoarekin jokatzeko aukera dugu. Honek erraztu egin du emakume gehiago jokamoldera gerturatzea.
Badakizu aurreko zenbakian Mikel Larunbek frontoian emakume batekin aritu zen norgehiagoka oso gogoan duela esan ziguna? Bai! Irakurri nuen bai bere lehenengo partida neska batekin egin zuela. Hori irakurtzea asko gustatu zitzaidan! Keinu polita gure existentziari! (irribarretsu)
Zu ere gustura aritzen zara gizonezkoekin lehian? Bai horixe! Urte askotan ez dut topatu nire maila zuen neskarik. Mutil horiek pilotariak badira, beraien aurka aritzea oso gustuko dut, %100 eman behar dudalako hauei aurre egiteko: ehuneko ehuna fisikoki, teknikoki, mentalki… Horrelako erronkak faltan ditut egia esan, dena eman behar izana irabazteko edo lehia polit bat izateko. Ez dut gozatzen erraz irabazten dudanean. Nahiago dut sufritu eta dena eman, nahiz eta galdu edo irabazi, nahiz eta herriko frontoian «pike» inprobisatu bat den. Benetan gozatzen dut dena ematen dudanean eta irabaztea oso zaila dudanean.
Norekin izan duzu horrela gozatzeko aukerarik? Iñaki Iza txikitatik ezagutzen dut eta sarritan egin izan dut berarekin frontoian topo. Bere bikote zen Mikel Etxebarria Campos ere oso presente dut. Eta Beobide pilotari profesional ohiaren aurka aritutako partida… ene! Zelako egurra eman zidan! (barreka) Usansoloko orduko bikote onenarekin asko gozatzen nuen: Bikarregi eta Uriarte! Beste batzuekin aldiz ez naiz hainbestean aritu, baina gogoan dut pilotalekuan ikusten nituela Castillo —gaur egun futbolari—, Ibai Zabala, Galartza, Iker Amarika…
Goxotasunez gogoratzen dituzu izenok… Bai, ikusten ditudanean beti gelditzen naiz eurekin berba egiten. Asko miresten ditut. Guzti horien artean ezin aipatu gabe utzi nire entrenatzaile izan zena: Roberto Arauzo. Asko zor diot Robertori, nigan sinistu izan duelako beti.
Kirol kontuetan, zer du emakumeak gizonak ez duena? Sakrifikatzeko gaitasun anonimoa. Anonimatuan bizi gara eta mutilek erakutsi behar dutenaren bikoitza demostratu behar izan dugulako beti. Kemena eta ahaleginak egiteko gaitasun ikaragarria dugu kirolarekin, gozatze hutsaren truke. Guk pilotan jokatzen dugu benetan gustuko dugulako, benetako pasioa eta afizioa dugulako.
Ez duzue profesional izatean pentsatzen? Ez dugu pentsatzen hortaz bizitzera iritsiko garenik, mutilek ordea aukera hori dute, profesionalak izatea. Guk ez. Guk kirol horrenganako maitasun erromantikoa mantentzen dugu oraindik. Gauza guztien gainetik, gizartearen gainetik, kirol hori praktikatzeko desioa dugu eta egiten dugu, dedikazio handia eginez eta… inongo txalorik jaso gabe edo meriturik gabe.
Horrela aritzeak badu meritua ba! Baietz esango nuke. Nik garai batzuetan kirolari profesional baten bizimodua izan dut: futbolean eta palan, astean laupabost entrenamendu saio, fisikoki zaindu beharra, txapelketak han-hemenka, kilometro pila, doping frogak… txapelketak irabazi, onenetarikoa izan zure jokamoldean, eta inongo onarpenik ez jaso… Eta hala ere egiten jarraitzen dugu gauza guztien gainetik.
Askok jakin ere ez du egingo munduko pilotaririk onenak euskaldunak direla… Hala da. Ez dugu ahaztu behar munduko pilotaririk onenak bertakoak direla: Maider Mendizabal, Maite Ruiz de Larramendi, Maritxu eta Amaia Etxeleku… Kirol mota honetako emakume jokalari anonimoak «makina» hutsak dira, «super woman»-ak. Baina jendeak ez ditu ezagutzen eta mundialak ez dira telebistan agertzen, ezin dut ulertu.
Noiz utziko diogu emakume bati bere eskubideez eta genero kontuetaz galdetzeari? Berdintasunean oinarritutako gizarte parekidea lortzen dugunean.
Iazko Emakume Cup txapelketan txapeldun izan zinen Irati Etxebarriarekin batera, baina Laboral Kutxa Master Cup-ean ez duzu aukera hori izan… Ez, eta pena handiz gainera. Txapelketan debutatu behar nuen astean, eskaladako entrenamendua egiten «petardazo» handi bat jasan nuen bizkarrezurrean. Ez zen ohiko uzkurdura bat izan, min benetan handia baizik eta mugikortasuna galdu nuen dortsaletatik zerbikalak arte. Gainera inguru horretan, pixka bat beherago, hernia diskala dugu eta beldurtu egin nintzen. Donostiako Quironera joan nintzen eskaladako aseguruarekin eta bertako traumatologoak lotsagarri tratatu ninduen.
Zergatik? Hori ere emakume kirolariok jasan beharreko diskriminazioa da. Ez zidan inongo frogarik egin eta inozoa izango banintz bezala tratatu ninduen… Ia negarrez irten nintzen handik. Ziurgabetasun handia nuen, ez nekien zer nuen eta ez nekien jokatu ala ez, ez nekielako zenbateko larritasuna zuen lesio hark…
Eta beraz, zer egin duzu edo nola zaude orain? Ez dakit zer dudan, hilabete pasatxo pasa da eta lesionatuta jarraitzen dut. Buruko mina izaten dut, eskuak lokartzen zaizkit, mareoak… Ez du itxura onik. Hasieran trapezioko fibra haustura izan zitekeela esan zidaten, baina inongo frogarik egin gabe, ez dakit. Hernia diskala ez izatea espero eta sendatzea fibra haustura baldin bada… bestela akabo nire kirol karrera, beste behin.
Eta hala ere, horrela egonda, txapelketako antolatzaileek esan digute lan handia egiten duzula proiektu honen alde. Beti saiatzen naiz emakumeen kirola bultzatzen, kirolagatik dudan maitasunagatik eta nik bizi izan nuena datozen neska gaztetxoek bizi ez dezaten. Asko militatzen dut emakumeen kirolaren alde, Emakume Kirolarien Taldean ere banago, militantzia horrek bere fruituak izan ditzan.
Master Cup-ean adibidez, esatari lanetan aritu zinen zuzenean! Antolatzaileak eskatu zidan esatari lanak egiteko eta baietza eman nion. Horrelako lanek ere nire lesioa hobeto eramaten laguntzen naute, oso txarto pasatzen dudalako lesionatuta nagoen garaietan. Eta aukera hori ematea eskertzekoa da.
Zelako esperientzia izan zen? Lehenengo aldia zen lan hori egiten nuena, baina gustura egon nintzen! Beste ikaskuntza berri bat nire bizitzarako. Hori bai, txikitan ez nuen euskaraz hitz egiten eta batzuetan kostatzen zitzaidan euskara egokian ikusten ari nintzena kontatzea. Hala ere, ahalik eta hoberen egiten saiatu nintzen. Ez dakit ondo edo gaizki egin nuen, baina giroa aparta izan zen eta horrek balio du niretzat!
Non ikusiko zaitugu hemendik hilabete edo urte batzuetara? Galdera zaila, bizkarraren arabera. Soinketako irakasle izango naiz eta pilota alboratuta izango dut, akaso.
Baina non gustatuko litzaizuke zure burua ikustea? Gustatu, gustatu… zer esan! Aspek edo Asegarcek emakumeen atala sortzea gustatuko litzaidake eta, gizonezkoek bezala, jaialdi profesionalak jokatzea. Eta zergatik ez, hortik bizi ahal izatea. Baina nire buruarekin zintzoa izanda, hori ez dut oso erreal ikusten oraindik. Apustua egin behar dute enpresa bi handi horiek eta erakunde publikoek, diruz lagunduta.
Zure burua ikusteaz ari garela, Usansolotik askorik ez zaitugu ikusten azken aldian. Non sartu zara ba! Hernanin bizi naiz orain zortzi bat urte eta Usansolora gutxitan joaten naiz. Nahi baino gutxiago. Hala ere, maitasun handia diot herriari eta nire sustraiak han sortu ziren. Oso harro esaten dut Usansolokoa naizela. Galdakaora berriz aurten sarriagotan joaten naiz, familia han bizi delako eta Gueñesko Bizkai Park Abenturan lanean ari naizelako asteburuetan.
Baina Usansoloko frontoiari esker ez balitz… Ez da lehenengo aldia hauxe diodana: frontoi berezi bat aipatu beharko banu, Usansoloko plazako frontoia aipatuko nuke beti. Nire etxe ondokoa. Bertan, kiroldegiko frontoian eta Bekeako frontoian ordu pila sartu nituen txikitan eta oso toki bereziak dira niretzako.