Pedro Asua galdakoztarraren gorpuzkinak herrira ekarri gura dituzte
Memoria historikoa
BINKE / 2021eko azaroa
Pedro Asua galdakoztarraren gorpuzkinak herrira ekarri gura dituzte
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Asua Zamalloa familiarena
Pedro Asua galdakoztarra 22 urte zituela fusilatu eta lurperatu zuten Jacako hobi komun batean, 1936ko gerran. Familiak badaki bere senidearen gorpua bertan dagoela, eta Udalarekin batera gorpuzkiak Galdakaora ekartzeko tramiteak hasi ditu.
Miliziano aritu zen borrokan, beste askorekin batera, Pedro Asua Zubiaur galdakoztarra 1936ko gerran. Eta 22 urte zituela, atxilotu, heriotza zigorrera kondenatu eta Jacan fusilatu zuten.
Bere familiak, urteetan egindako ikerketari esker, badaki Pedro Jacako hilerrian lurperatu zutela, fosa batean. Horregatik, familiaren nahia «gorpua berreskuratu eta bere sorterriko hilerrian lurperatzea» da. Gainera, Asuaren iloba Aranzadi Zientzia Elkartearekin ere harremanetan jarri da, eta elkarte honen laguntza profesionala jasoko dutela exhumazio lanetarako.
Gauzak horrela, Galdakaoko alkatea eta Pedro Asua galdakoztarraren senideak kontaktuan jarri dira Jacako alkatearekin, eta Hernando Arriandiaga alkateak argi azaldu du: «Udal honek konpromisoa hartzen du Jacako Udalari eta biktimaren familiari beharrezko laguntza guztia emateko». Hori bakarrik ez, Udalak ere «historialari baten zerbitzuak kontratatu ditu proiektu hau gauzatzeko memoria historikoa berreskuratzearekin lotutako ekimenen barruan», azaldu du udal-buruak, eta gaineratu: «Pentsatzen dut bi udalek partekatuko dugula memoria berreskuratzeko helburu hori».
Jacako alkate den Juan Manuel Ramoni bertara joan eta Jacako Udalarekin biltzeko asmoa helarazi diote Pedro Asuaren senideek eta Galdakaoko alkateak.