Azaroaren 12an Euskal triatloi eta duatloi zirkuituetako 2025eko sari banaketa antolatu zen Galdakaon eta bertan Richard Gomezek presidente izendatu zutenetik lehen hitzarte publikoa eskaini zuen. «Euskal Triatloi Federazioa 60.000 euroko zorrarekin hartu genuela» azpimarratu zuen, besteak beste.
Richard Gomez da Euskal Triatloi Federazioko presidentea iazko azarotik, BINKEk uztailean galdakoztarrari egindako elkarrizketan jaso zuen moduan.
Gomezek azaroaren 12an Galdakaon antolatu zen Euskal triatloi eta duatloi zirkuituetako 2025eko sari banaketan egin zuen lehen hitzarte publikoa presidente izendatu zutenetik. Bertan, Euskal Triatloi Federazioko presidente izendatu zutenean erakundeak bizi zuen egoeraren balorazioa egin zuen.
Galdakoztarrak azpimarratu zuenez, Euskal Triatloi Federazioak 60.000 euro baino gehiagoko zorra zuen iazko azaroan, eta baita zigor administratiboak eta isunak ere. «Lizentziak gutxitzen ari ziren, gero eta froga gutxiago antolatzen ziren, eta ez ziren dirulaguntzak eskatzen», azaldu zuen.
Honen aurrean, profesional «onenak» batu zituen, eta «federazioaz arduratzeko aurrerapausoa eman genuen, erronka zaila». «Helburu argia genuen: gure antolatzaileek, gure teknikariek, gure klubek eta gure kirolariek triatloiaren gorenera, egotea merezi zuten tokira, Federazioa eramatea», azpimarratu zuen Gomezek ekitaldian.
«Kudeaketa ekonomikoa, kirol arlokoa eta instituzionala egiten ari gara eta guk akatsik gabea dela esan dezakegu, ditugun baliabide mugatuekin», adierazi zuen, kudeaketa horren emaitzak dagoeneko ikusi ahal direla nabarmenduz.
«Selekzioa berriro agertu da Espainiako autonomien txapelketan eta FETRIren estamentu guztietan Euskal Triatloi Federazioaren presentzia berreskuratu da», azaldu zuen presidenteak.




