Kaiola festibalaren egitarauaren baitan, herritar guztiei zuzendutako doako saioa aurkeztuko dute Rie Nakajima eta Pierre Berthet musikariek bihar Gandasegiko arkupeetan. «Inprobisazioan, pentsa ezinezko materialeei bigarren bizitza eman eta doinu bereziak sortzeko emanaldi performatiboan»batuko dira artistak.
Asteburu honetan antolatuko dute Kaiola festiabalaren bederatzigarren edizioa. Ohiko soinuetatik aldendu eta musikarekin esperimentatzeko aukera eskaintzen duen jaialdiak sei emanaldi batuko ditu, BINKEk jaso zuen moduan.
Biharko, urriak 17, aurten berrikuntza izango den ekintza bat prestatu dute antolatzaileek, «Kaiola festibala herritarrei hurbiltzeko helburuz». Zehazki, Rie Nakajima eta Pierre Berthet musikariek ikuskizuna eskainiko dute Gandasegiko arkupeetan, eta doakoa izango da.
Artista japoniarra eta belgikarra Galdakaon batuko dira, «inprobisazioan, pentsa ezinezko materialeei bigarren bizitza eman eta doinu bereziak sortzeko emanaldi performatiboan». «Haurrei eta nagusiei zuzendutako ekintzak jakinmina eta harridura eragingo ditu», adierazi dute antolatzaileek.
Bestalde, beste bost emanaldi eskainiko ditu zapatuan jaialdiak, kasu honetan Torrezabal Kultur Etxean. Hauek izango dira entzun ahal izango diren artistak: Garazi Navas, Tashi Dorji eta Maria Bertel, Fujiiiiiiiiiiita, eta Ben Lamar Gay Ensemble eta Irreversible Entanglements taldeak.
Torrezabaleko emanaldi hauetarako sarrerak eskuragai daude 15 eurotan Galdakaoko Udalaren webgunean eta Torrezabal Kultur Etxean.
