Bilboko Merkataritza Ganberak Retail Digital Sarien seigarren edizioaren sariak banatu zituen atzo, Euskalduna Jauregian antolatutako ekitaldian. So Much denda galdakoztarra finalista izan zen merkataritza gune berritzaileenaren kategorian, eta Zuriñe Gutierrez jabeak diploma jaso zuen hitzorduan.
Euskalduna Jauregiak Bilboko Merkataritza Ganberaren Retail Digital Sarien seigarren edizioaren sari banaketa hartu zuen atzo. Koldo Campo komunikatzaileak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Jose Ignacio Zudaire Bilboko Ganberako presidenteak eta Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak hartu zuten parte.
Zazpi kategorietako sariak banatu zituen Bilboko Merkataritza Ganberak, tartean merkataritza gune berritzailearena, eta horretan Galdakaon kokatutako So Much denda finalista izan zen —Bulthaup Bilbao komertzioak irabazi zuen—.
Zuriñe Gutierrez jabea izan zen hitzorduan eta diploma bat jaso zuen antolatzaileen eskutik. «Ilusio handiz hartu nuen Bilboko Merkataritza Ganberaren aitzatespena», azaldu dio Gutierrezek BINKEri.
Guztira 352 negozio aurkeztu dira sarietara, eta epaimahai profesional batek aukeratu ditu finalista eta irabazleak. «Dendara etorri ziren eta hemen egiten ditudan berrikuntzak ikusten egon ziren Bilboko Merkataritza Ganberako ordezkariak», adierazi du Gutierrezek.
Bilboko Merkataritza Ganberaren webgunean ezagutu daitezke aurtengo parte-hartzaile guztiak eta komertzio bakoitzaren deskribapena. So Much dendarenak horrela dio: «So Much arima handia duen denda txikia da.
Moda, loreak eta tokiko saltokiak bat egiten duten espazioa da, esperientzia desberdinak sortzeko: hurbilak, sortzaileak eta maitasunez beteak. Berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu giza ikuspegitik, workshopak eskainiz, moda, osagarriak, lore-sortak… So Muchen ez dugu arropa bakarrik saltzen: herriaren bihotzean sustraiak, emozioak eta benetako loturak sortzen ditugu».




