Somera ez da beti gazteena izan
Zamakoaren giroa
BINKE / 2021eko urtarrila
Somera ez da beti gazteena izan
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Mireia Gezuragaren laguntzaz jasotakoak
Galdakaoko Gipuzkoa kalea —Somera izenez ezaguna— ez da beti gazteentzako modako gune izan. Orain 30 urte arte adinekoen tabernak baino ez zeuden bertan, eta gazteak beste inguru batean ibiltzen ziren herrigunean parrandan: Zamakoa kalean. Pub eta gaueko tabernaz beteta zegoen Zamakoa, jai propioak zituen eta kalea itxi egiten zen maiz, jende pilaketengatik. Erreportaje honek garai ez hain urruti horiek gogoratu gura ditu sei lagunekin batera.
Gazte askok Somerako giroa betidanik existitu izan dela pentsatu arren, hori ez da beti horrela izan. Are gehiago, Gipuzkoa kalea orain dela gutxi hasi zen gazteentzako gune izaten, hasiera batean «taska» itxurako tabernaz osotuta zegoelako. Bertan adinekoak izaten ziren, bereziki, poteoan ibiltzen zirenak eta gehienbat jende heldua ibiltzen zen bertako tabernetatik. Argitzekoa da, bide batez, Somera kalea berez Gipuzkoa kalea deitzen dela, baina urteak aurrera joan ahala kaleari Somera ezizena atxikitu zaiola, hain justu Bilboko Someraren antzera, bertan ere taberna asko daudelako egun.
Gipuzkoa kalean, 80. hamarkadaren aurretik, zerrautsa nagusitzen zen tabernetan eta ez zen gazteria bertara iritsi 90. hamarkadan Gorka Galarzak —gaurko Euskuba tabernako ugazabak— eta Gaizka Sainzek —orain dela gutxi arte Alaiko jabe izan zenak— Oñarte hartu zuten arte. Eurek orduan gazteak ziren, ezagunak herrian, eta horrela hasi ziren 1994. urtean, pixkanaka-pixkanaka, gazteria Somerara hurbiltzen.
Gainera, Galarzak eta Sainzek Oñarte hartu eta gutxira Jon Oilokiegi «Navarro» Ziripot gidatzen hasi zen eta, hau ere gaztea zenez, hasi zen modan jartzen Somera 90. hamarkadaren amaieran. Ordura arte ez zen jende gazterik gerturatzen gaur hain modan dagoen kalera. Beraz, orain 20 urte, nondik ibiltzen ziren parrandan ibili gura zutenek Galdakao erdigunean? Zamakoa kalean. Eta lerro hauen bitartez gogoratuko ditugu garai hartako jai-giroak.
Sei protagonista. Zamakoako jai giroa nolakoa zen jakiteko, bertan langile ziren zerbitzari eta tabernen ugazaba batzuekin batu da Binke, Oñarte tabernako mahai biren bueltan. Eta horixe da datozen lerroetan batutakoa. Mahai-inguru honetako solasaldia baliatu da erreportaje hau lantzeko, eta bertako protagonista dira Patxi Flores, Mari Carmen Romero, Mireia Gezuraga, Txabi Robles, Inma Ibarretxe eta Iñigo Oñarte-etxebarria.
Patxi Flores Zeus tabernako jabea zen —gaur egun ostalaritzan ere lanean—; Mireia Gezuraga garai hartan Aiko, herriko taberna, Tucker, Urki eta Alai tabernetan lanean ibilitakoa da; Mari Carmen Romero Bizker eta Tuckerren lanean ibilitakoa —eta Jabi Apellaniz «Obisporen» portzentajea hartu zuen Txabirekin batera Tuckerren—; Inma Ibarretxek Zeusen bederatzi urte lanean eman zituen —gaur egun ostalaritzan ere lanean—; Txabi Robles Meson Mozoilon hasi zen eta ostean hasi zen Tucker gidatzen —azken 24 urteak Urkin daramatza—; eta azkenik Jon Begoñarekin batera Aiko Pub gidatu eta ostean gaur egun ezagutzen den Oñarte tabernako arduraduna den Iñigo Oñarte-etxebarria dira erreportaje honetako sei protagonistak.
Beste hainbat tabernari eta zerbitzarirekin batera, 80. eta 90. hamarkadan galdakoztar hauek izan ziren Gipuzkoa kalearen modaren aurretik Zamakoari bizitasuna ematen ziotenak. Beste asko izan daitezke erreportaje honetako protagonistak edo informazio-iturri, baina nonbaitetik hasi beharko-eta, erreportaje askoren lehen kapitulu hartuko dugu argitalpen hau.
Kokatu gaitezan. Askorentzat ulertezina izan daiteke Zamakoa kalean zehar garai batean zehar astebururo jai giroa egotea edota Galdakao ondoko herrietako biztanleentzat parrandan ibiltzeko leku erakargarria izatea. «Garai hartan astebururo Bizkaia guztiko jendea etortzen zan gurera, Elorriotik, Zornotzatik, Igorretik, Basauritik…» dio Patxi Floresek. Hori ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da garai hartako Zamakoa irudikatzea.
Azken berrogei urteetan oso aldaketa nabarmena gertatu izan da kalean zehar, eta garai hartan tabernak ziren lokal askok gaur egun beste hainbat funtzio betetzen dituzte. Eskema bat egiteko, garai hartako lokalak gaur egungoekin alderatuko ditugu. Hasteko, Zamakoako kale-kantoian kokatzen den taberna gaur egun Gure Toki deitzen da, baina lehen Arlekin izena hartzen zuen. Espaloi horretatik Juan Bautista Uriarte kalerako noranzkoan jarraituta, hurrengo lokala arkitektura estudio bat da gaur egun, baina garai hartan Zeus izeneko pub oso ezagun eta handia zen. Horren ondoan 80ko hamarkadan Mesón Baserri deitzen zen beste pub bat zegoen kokatuta eta gaur egun lokal horretan Doner Kebaba aurki daiteke —baina Kebab bat izan aurretik Midtown ere izan zen, eta giro ederra izaten zuen—. Zuzen jarraituz gero, egun itxita dagoen lokala dago, baina garai hartan Aiko izeneko puba zegoen —oraindik irakur daiteke lokalaren kristalean izena—.
Bestalde, Igarri izeneko taberna kokatuta dagoen lekuan lehen «Fernando y Felix» izeneko puba zegoen —nahiz eta Igarri bezala dagoeneko existitzen zen 80. eta 90. hamarkadan ere—; horren ondoan —gaurko Bake Leku— Mesón Mozoilo; eta azkenik, Muguru kalea gurutzatuta baina Zamakoan jarraituta, Belagorri belardenda zegoen lokalean —Kutxabankeko bi egoitzen artean— Tucker izeneko taberna zegoen.
Giro jatorra. Garai hartan Zamakoan lan egiten dutenek azpimarratzen dute tabernetan goizeko ordu txikiak arte egunero egoten zela jendea. Asteburuan beti jendez gainezka egoten ziren bertako pubak, eta astean zehar ere goizeko laurak edo bostak arte, hau da, tabernak uzten zituzten ordura arte parrandazaleak egoten zirela. Are gehiago, herriko jaietan Zamakoa kalea beti ixten zen jendea bertara gerturatzen zelako eta jendez gainezka egoten zelako; jaietan kalea hasten zen tokitik —gaur egun Uraska estankoa dagoen paretik— Kutxabanken bulegoak dauden lekura arte «ia ezinezkoa zan pasatzea, kalea jendez beteta egoten zalako!», gogoratzen du Inma Ibarretxek. Ona eta jendetsua zen bertako giroa eta horregatik «garai hartan txosnak lokaletan jartzen ziranez, txosnak jartzerakoan alkarte askok inguru horretako lokalak bilatzen ebezan, hor egoalako herriko girorik onena», gogoratzen du Mireia Gezuragak.
Zamakoako jaiak ere 80. hamarkadan hasi ziren egiten, eta bertan, tabernariak izaten ziren erromeriak ordaintzeaz arduratzen zirenak. Eta Santakurtzetan, Udalak ere antzeztokiak kale horretan jartzen zituen, aipatu bezala Galdakaoko gunerik festazaleena hura zelako. Gainera, garai hartan jai guztiak ospatzen ziren, eta horrela kontatu zuen Ibarretxerek: «Lehen San aurretik eroaten eben jai guztiak ospatzen ziran: San Anton, Santa Lucia, San Nicolas… askotan konturatzen ginan zentzu handirik ez eukala, adibidez, Jostunen Eguna ospatzea, baina edozein aitzakiak balio eban festak antolatzeko».
Sei solaskideek bat egiten dute Zamakoan oso giro ona arnasten zela baieztatzean, eta Txabi Roblesek azpimarratu egiten du gainera: «Istiluak oso gutxitan gertatzen ziran, nahiko arraroa izaten zan borroka bat ikustea». Eta halakorik gertatuz gero, «beste herrietakoek bazterrak nahastera» etortzen zirelako izaten zela dio Roblesek. Batzuk edo besteak izan, «ez zan ohikoa borrokak ikustea, giro sanoa arnasten zalako», dio Mari Carmenek. Hain arraroak ziren borrokak non, horrelakoak gertatzen zirenean bertako bezeroak izaten ziren istilua sortu zutenak kanporatzeaz arduratzen zirenak.
Garai hartan musika ere asko zaintzen zen. Orduan biniloen bitartez jartzen ziren abestiak eta pub edo tabernentzat oso garrantzitsua zen musika ona jartzea. Romeroren esanetan: «Askorentzat taberna batek izan beharreko gauzarik garrantzitsuena musika zan, eta normalean horretaz ugazabak arduratzen ziran». Oñarte-etxebarriak musikak zuen erakargarritasuna ere azpimarratu du: «Bezeroek eurei gustatzen jakiezan abestiak eskatzen ebezan, eta biniloan edo kaseteetan ibili behar genduan abestia bilatzen».
Emakumeak eta gaua. Bistakoa da oso ezberdinak direla gaur eguneko eta duela 30 urteko gizarteak. Garai hartan adibidez, oso ohikoa zen tabernetan bezeroak gizonezkoak eta tabernariak emakumezkoak izatea. Gainera, tabernetako ugazabek askotan garai hartako «prototipo sexualizatua» jarraitzen zuten emakumeak jartzen zituzten barraren beste aldean, ahalik eta gizonezko gehien erakartzeko.
Ordea, erreportaje honetako emakumeen esanetan «Galdakaon nahiko giro lasaia egoan, orokorrean», eta langileei dagokienez denetarik ikus zitekeen, «gizonek eta emakumeek modu berean egiten gendulako lan», diote. Bestalde, inguruko herrietan oso ohikoa zen aurretik aipatutako prototipoa jarraitzen zuten emakumeak tabernari lanetan ikustea, baina gurean ez omen zen horrelakorik ikusten. Gezuragaren arabera: «Galdakaon kontrakoa gertatzen zan, eta tabernetako jabe askok ez ebezan gizon lerdetsuak tabernetan gura —askotan eurek ziralako istiluak sortzen ebezanak—, eta horregaitik prototipo horreek jarraitzen ebezan emakumeak ez ebezan kontratatu gura». Inma Ibarretxe ere bat dator Mireiaren esanekin, eta berak ez du gogoan inoiz emakume izate hutsagatik arazoak izan dituenik Zeusen lanean.
Prezioak eta drogak. Zamakoa Somera baino garestiagoa zen, Zamakoan pubak nagusitzen zirelako eta zerbitzatzen zituzten edariak landuagoak zirelako. Ohikoa zen konbinatuak eskatzea Zamakoan, eta horiek garai hartan 350 pezetako prezioa zuten, gaur egungo bi euro inguru. Gainera, Zamakoan eta Someran askotan edari berdinak izen ezberdina hartzen zuen, Somerako zuritoak Zamakoan «media» moduan ezagutzen zirela gogoratu dute Mireiak eta Txabik. Hala ere, leku bietan prezio berdina zeukaten: 125 pezeta, 80 zentimo inguru.
Lokalen alokairua ere aldatuz joan da azken urteetan. Edonork pentsa dezake bizitza eta lokalen alokairua garai hartan gaur baino merkeagoa zenik, baina Zamakoak zuen ospeak alokairuak garesti izatea zekarren. Roblesek dio Tuckerreko alokairuagatik 300.000 pezeta ordaintzen zituela, eta denborarekin —Zamakoa indarra galtzen zioan heinean— alokairuaren prezioa ere jaisten hasi zitzaizkiela.
Diru kontuez berba egiten hasita, ezin sei solaskideei «kaleko diruaz» galdetzea saihestu, mahai-inguru horretan berbagai zen 80. hamarkadan drogaren garai gogorrak pil-pilean baitzeuden Euskal Herrian.
Hala ere, «Galdakaon ez zuen beste edozein herritan izan zuen eragin hain txarrik izan heroinak», azpimarratzen du Patxik, «heroinak bereak egin ebazan, bai, eta pastillak gogor sartu ziran be, baina batez be haxixa zan nagusi» inguruan. Hori bai, tabernarien esanetan, ez zegoen gaurik zeinetan jendeak drogarik eskaintzen ez zizunik.
Zamakoaren «amaiera». Hainbat baldintza eman ziren azaldu berri dugun Zamakoako jai giro horretatik gaur egun ezagutzen dugun lasaitasunera igarotzeko. Baldintza horien artean urteak aurrera joan ahala ostalaritzari jarri dizkieten neurri berriak sartu daitezke.
Ordutegi aldetik murrizketak egin behar izan zituzten eta ohikoena pubak goizaldeko ordu txikietan ixtea zenez, neurri berriek Zamakoa ordutegi askoz zorrotzago batera ohitzera derrigortu zuten. Neurri horien artean soinu murrizketak ere zeuden. Auzokide asko kexatzen hasi ziren entzuten zituzten zaratengatik, alde batetik tabernen musikak sortzen zituenagatik eta bestetik jendeak lokaletik kanpo sortzen zituen zalapartengatik.
Horretaz aparte, segurtasun neurriak direla eta derrigorrezkoa hasi zen izaten pubek bi ate izatea, eta Galdakaoko tabernariek ezinezkoa ikusi zuten hainbeste legetara egokitzea. Tabakoaren aurkako legeak ere bere zerikusia izan zuen. Berez, 2011. urtean espazio itxietan erretzea debekatzen zuen legea ezarri zen, baina urte batzuk arinago gizartean tabakoaren aurkako kontzientzia pizten hasi zen eta horrek eragin zuzena izan zuen herriko ostalariengan.
Prezio garestiak, lokalen insonorizazioak, terrazen falta, tabakoaren legea, auzokideen kexak… bategatik zein besteagatik izan, Zamakoaren moda desagertzen hasi zen 2000. urtean, eta Somera hasi gazteentzako modan jartzen. Urte askotarako! •