
Bihar, martitzena, itxi beharko dute Galdakaoko eta Usansoloko tabernek berriro
Koronabirusaren krisia
BINKE / 2021eko urtarrila
Bihar, martitzena, itxi beharko dute Galdakaoko eta Usansoloko tabernek berriro
TESTUA ETA ARGAZKIA: Erredakzioa
Gune gorrian sartu da Galdakao udalerria berriro, mila biztanleko izidentzia-tasa metatua 562,85era iritsita. Hori horrela, ostalaritzak ateak itxi beharko ditu eta eskola kirola zein taldeko kirola eten egin beharko da egoerak onera egin arte.
Bigarrenez sartu dira Galdakao eta Usansolo —udalerria bere osotasunean hartzen du kontutan inzidentzien zerrendak— Covid-19aren kasuen gune gorrian. Horregatik, datorren martitzenetik aurrera —urtarrilak 26— itxi beharko ditu ateak gure herrietako ostalaritzak; eta eskola kirola zein taldeko kirola ezin izango da praktikatu.
Bost mila biztanletik gorako udalerrien artean Santurtzi, Getxo eta Galdakao sartu dira gune gorrian gaur —ostegunean baino bederatzi herri gehiago—; gurearen kasuan, 562,85eko inzidentzia-tasa metatura iritsita.
Horregatik, aurretik aipatu bezala, ondoko murrizketak bete beharko dituzte Galdakaok eta Usansolok ere:
- Ostalaritzak ateak itxiko ditu bihartik aurrera —urtarrilak 26, martitzena—. Tabernetan eta jatetxeetan ezingo da kontsumitu.
- Eskola kirola eta taldekako kirola eten egingo da. Bertan behera geratuko da eskola kirola, eta kirola ezingo da taldean egin.
Gune gorrian egoteak dakarren aparteko murrizketa hori ostegunean —hilak 28— aztertuko da berriz, orduantxe argitaratuko duelako Eusko Jaurlaritzak inzidentzia-tasa metatuen zerrenda berria. Kopuruak 500eko langatik gora jarraituz gero, aurretik aipatutako bi murrizketa horiek betetzen jarraitu beharko dute Galdakaok eta Usansolok.
Bestela, 500eko langa ez badu gure udalerriak gainditzen, EAEko murrizketa orokorretara pasako da. Murrizketa horiek ondokoak dira, eta indarrean daude gune gorrian egonda ere:
- Gehienez lau pertsonako taldeak baino ezin izango dira egin, etxe bereko senideak ez badira —etxe berean lau baino gehiago biziz gero, onartuta dago—.
- Udalerritik ezin izango da irten, lan, ikasketa, zaintza edo antzeko salbuespen arrazoi justifikatuengatik salbu.
- Etxeratzeko agindua 22:00etan ezarrita dago —Espainiako Gobernuak ez duelako aurreratu gura, nahiz eta espainiar estatuko erkidego askok eskatu—.
- Ostalaritzak 20:00etan itxi beharko du gehienez, gune gorritik irtetzen denean udalerria.
Hala ere, Usansolo eta Galdakao gune gorrian dauden une honetan, edaria eta janaria eramateko bai sal dezakete taberna eta jatetxeek. Eskariak 21:00ak arte egin ahalko dira, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahalko da.
Arduratuta daude ostalariak egoera honen aurrean, eta hauxe da Binkek azaroaren 14an, ostalaritzaren, pentsioen eta lan baldintzen egoera salatzeko Galdakaon antolatu zen manifestazioaren aitzakian osatu zuen bideo-erreportajea.