Sormena lantzeko Kala Studio proiektua jarri dute martxan Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Kala Studio
Nagore de la Torre usansolotarrak eta Zuriñe Gutierrez astrabuduarrak Kala Studio proiektu berria jarri dute martxan Galdakaon. Honen baitan pintura, marrazketa, buztina eta josteko tailerrak lantzen dituzte, besteak beste.
Nagore de la Torre usansolotarrak duela hiru urte jarri zuen martxan Ene proiektua, bere arropa zein osagarriak Usansolon bertan saltzeko. BINKEren iazko ekaineko azala izandakoa ohiko denda batetik haratago doa eta «erosten ditudan materialak ahalik eta arduratsuenak izateari» ematen dio garrantzia.
Bi urte lehenago heldu zen Galdakaora Zuriñe Gutierrez astrabuduarra, So Much arropa denda zabaltzeko. BINKEri azaldu zion moduan, urte guzti hauetan «beti sentitu dut herriaren babesa».
Hain zuzen, herritarren babesa sentitu dute gazte biek batera martxan jarri duten proiektu berrian: Kala Studio. «Gogoko dugu sortzea, eskulanak egitea, gauza berriak ikastea… eta horrelakoak lantzeko eremu baten falta somatzen genuen Galdakao inguruan. Eta gehiegi pentsatu gabe, Kala ireki genuen!», adierazi dute.
«Irudimenak eta adierazpen pertsonalak mugarik ez duen espazioa» da Kala Studio, «esperientzia artistiko desberdinen bidez sormena lantzeko diseinatua».
Besteak beste, pintura, marrazketa, buztina eta josteko tailerrak lantzen dituzte, eta bakoitzeko teknika desberdinak ikasteaz gain, prozesuaz gozatzeko pentsatuta daude saioak. Maila guztientzako tailerrak dira eta ez da aurretiko ezagutzarik izan behar.
«Lasaitasuna edota egunerokotasunetik deskonektatzea bilatzen dutenentzako lekua da. Kafe edo infusio bat hartzeko aukera eskaintzen dugu taldekideekin hitz egiten duten bitartean edota tailerreko tekniketan murgitzen diren bitartean. Esperientziadun irakasleak izango dira prozesuen gidari, bai etxerako buztinezko edalontzi bat prestatzean, zein zeure arropak sortzen dituzunean», adierazi dute Nagorek eta Zuriñek, jendea proiektua ezagutzera animatuz.
Informazio gehiago ezagutu daiteke Kala Studioren Instagram kontuan edo kalastudio.galdakao@gmail.com helbidean.