Telazko poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte Galdakaoko dendek gaurtik aurrera
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gu Dendari elkarteak tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina jarri du martxan Galdakaoko Udalaren laguntzarekin eta honen baitan telazko poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte herriko dendek. Gaurtik aurrera 20.000 poltsa banatuko dituzte.
Gu Dendari elkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, tokiko merkataritza sustatzen jarraitzen du eta oraingoan herriko dendek telazko poltsa berrerabilgarriak banatzeko ekimena abiatu du.
Gaurtik, uztailak 15, aurrera 20.000 poltsa banatuko dituzte dendek herritarren artean aleak amaitu arte. Gu Dendari elkarteko kide diren dendetan banatzen ari dira egunotan, eta elkarteko kide ez izan arren euren dendetan poltsa horiek banatu nahi dituztenek ere jaso ahalko dituzte. Gu Dendariren egoitzara jo behar dute horretarako.
Dendari elkarteak marrazki lehiaketa abiatu zuen martxoan oihalezko poltsa horietan inprimatuko den irudia aukeratzeko eta Nerea Zubiaurrek egindako marrazkia eta Ane Mansoren esaldia izan dira irabazleak. Kanpainaren leloa ere irakurri daiteke poltsetan: «Erosketaz gozatu Galdakotik pasatuz».
«Herritarrek beren ohiko erosketak tokiko merkataritzan egitea garrantzitsua da, gure kaleei bizia ematen dien sektorea delako, herritarrak zaindu eta harremanetan jartzen dituena», azpimarratu dute Udaletik.