
Testuak itzultzeko eta euskara ikasteko tresnak jarri ditu Galdakaoko Udalak herritarren eskura
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak elkarteen, gizarte eragileen eta herritarren eskura jarri ditu testuak itzultzeko eta berrikusteko, bat-bateko interpretazioa egiteko eta euskara ikasteko tresnak.
Galdakaoko Udalak «euskara zaintzeko eta biziberritzeko konpromisoa nabarmen indartu du azken urteotan» eta ildo honetan, zenbait hizkuntza zerbitzu jarri ditu doan elkarteen, gizarte eragileen eta herritarren eskura.
Zehazki, hauek dira abiatu dituen zerbitzuak, euskararen erabilera indartzeko irisgarriak:
- Testuen zuzenketa eta itzulpena: herriko elkarte, merkatari eta ostalariei euskarazko testuak berrikusteko, gaztelaniatik euskarara itzultzeko edo hizkuntza zalantzak argitzeko doako zerbitzua eskaintzen die Udalak. Oso aukera erabilgarria eta gomendagarria da testu laburren kalitatea zaintzeko: eskuorriak, kartelak, mezu laburrak, eta abar. Zerbitzua erabiltzeko baldintzak eta eskaera egiteko bete beharreko formularioa online daude eskuragarri.
- Itzulpen maleta: bilera edota hitzaldietan aldibereko itzulpena egin ahal izateko tresna da itzulpen maleta, Udalak tokiko elkarteei doan uzten diena. Horrela, bilerak, aurkezpenak, hitzaldiak eta abar euskaraz egin ahal izango dituzte eta hizkuntza ulertzen ez dutenek zuzeneko itzulpena jaso ahalko dute. Zerbitzu honen helburua euskararen erabilera areagotzea da, bat-bateko interpretazioaren bidez hizlariek beren hitzaldiak bi hizkuntzetan errepikatu behar izan ez ditzaten. Eskaera online egin behar da eta, kasu honetan, eskaera ekitaldia baino 15 egun lehenago egitea gomendatzen da.
- Udal osoko bilkuretan interpretea: zinegotziek euskara eta gaztelania erabil ditzakete udal osoko bilkuretan, bi hizkuntzak ofizialak baitira, eta, duela urte eta erditik Galdakaoko osoko bilkuretan euskaraz hitz egin nahi dutenek ez dute zertan hitzartzea gazteleraz ere errepikatu entzuleek uler dezaten. Horretarako, guztien ulermena, hizkuntza eskubideak eta arintasuna ziurtatzeko asmoz, interpretazio zerbitzua jarri zuen martxan Udalak 2023ko azaroan. Osoko bilkurak hilero egiten dira eta herritarrentzat irekiak dira.