Torrezabal Kultur Etxeak 30. urteurrena ospatuko du irailetik aurrera
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Torrezabal Kultur Etxeak 30. urteurrena ospatuko du aurten eta Galdakaoko Udalak programazio berezia prestatu du horretarako. Gaur goizean aurkeztu du egitaraua eta hitzorduan izan dira Torrezabaleko oholtzatik igaroko diren Itziar Ituño, Janire Egaña, eta Ane Legarreta, besteak beste.
Santakurtzetarako oraindik egunak falta diren arren, jai giroz jantzi da Galdakao gaurkoan, kasu honetan Torrezabal Kultur Etxeko 30. urteurrena ospatzeko. Hogeita hamar urte igaro dira herriko erreferente bihurtu den eraikina jaio zenetik eta mugarri honi omenaldia egiteko helburuz, egitarau berezia prestatu du Galdakaoko Udalak.
Guztira 23 ikuskizun hartuko ditu aretoak irailetik, Santakurtzen ostetik, abendura bitarte eta hauen berri eman dute gaur goizean Iñigo Hernando alkateak, Edurne Espilla zinegotziak eta Katrin Schlegel kultura teknikariak, Torrezabaleko erakusketa gelan egindako agerraldian.
Schegelen hitzetan, «adin eta zaletasun guztientzako ikuskizunak izango dira hurrengo hilabeteetan. Besteak beste, Izaro, Charo López eta Albert Pla izango dira gurean». «Torrezabal bizirik dago eta eraikinaren barruan gertatzen dena da garrantzitsuena», azpimarratu Espillak.
«Egun batean bilakatu zen bizigai» izan da 30. urteurrena ospatzeko aukeratutako leloa, Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarrak sortutakoa. Duela 30 urte bera izan zen eraikinari Torrezabal izena jartzeko arduraduna eta honen jarraipena egin nahi izan du leloarekin: «Zabala eta denontzako espazioa izatea nahi genuen eta lortu dugu. Egunero dago zabalik, bizirik eta hori oso garrantzitsua da. Xabier Leteren hitzak batu ditut batetik bizirik dela azpimarratzeko eta bestetik, euskal kulturari omenaldia egiteko».
Egitarauari dagokionez, Hika Teatroaren ‘Bidaia-Die Reise’ izango da Torrezabalera helduko den lehen ikuskizunetako bat. Diziplina anitzeko honek dantza, musika eta batez ere emozioak batzen ditu, eta bidai honetan zehar 12 profesional ikusi ahal izango dira oholtza gainean, haien artean Janire Egaña galdakoztarra, Itziar Ituño eta Marcus Englert.
Hirurak izan dira gaurko agerraldian eta azaldu dutenez, Ituño eta Englerten artean sortutako harremananaren ondorioz jaio zen ikuskizuna. «Gure eta guztion bidaien inguruko ikuskizuna da eta ilusio askorekin aurkeztuko dugu hemen Galdakaon», adierazi du Ituñok. «Herritik eta herriarentzako gunea izaten jarraitzea opa diot areto honi», aitortu du Egañak.
Ane Legarreta galdakoztarrak ere parte hartu du 30. urteurrenaren aurkezpenean, izan ere, orkestra zuzendariaren ESAS proiektua ere igoko da oholtzara hurrengo hilabeteetan. Abenduan izango da eta Legarretak azaldu duenez, musika klasikoa eta elektronikoa uztartuko dituen ikuskizunarekin helduko dira.
Beste hamaika ikuskizun ikusteko aukera izango da Torrezabalen abendura bitarte eta aurrerago batuko ditu BINKEk guztiak albiste batean.