Transexualitatea
BINKE / 2021eko uztaila

Trans Lege berriaz, hiru galdakoztarrekin

TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Protagonistek bidalitakoak

Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan sortu zuen Espainiako Gobernuak Trans Lege berria. Lege honekin herritarrek ez dute beren burua gaixotzat jo beharko Nortasun Agirian islatzen den legezko sexua aldatzeko. LGTBIQ+ komunitatean aldeko iritziak azaleratu badira ere, baditu lege honek hobetu beharrekoak ere. Eta horren inguruan aritzeko, zer hoberik trans kolektiboko hiru galdakoztarrekin eta beraien familiekin berba egitea baino.

Espainiako Gobernuaren Berdintasun ministroa den Irene Monterok, eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren oroipenez, trans lege berria ezagutarazi zuen ekainaren 28an. Lege hau trans pertsonen «berdintasun erreala, eraginkorra eta genero-identitatea aukeratzeko eskubideak bermatuko dituena» da, gobernu honen esanez.

Lege berri hau indarrean jartzen den unetik, herritarrek ez dute beren burua gaixotzat jo beharko Nortasun Agirian legezko sexua aldatzeko. Aldaketa norbere borondatearen arabera egingo da, askatasun osoz, eta erabakia, hiru hilabeteren buruan Erregistro Zibilean berretsiko da. Lege honen bitartez gainera, LGTBIQ+ pertsonei —eta, bereziki, emakume transei— enplegua lortzeko neurri lagungarriak sustatuko dira. Horrekin batera, lan arloan eta hezkuntzan berdintasun neurriak hartzea aurreikusten ari da Montero eta bere taldea. Epe laburrean hezkuntza-curriculumek kontuan hartuko dute sexu, genero eta familia-aniztasunarekiko errespetua etapa guztietan, eta horretarako irakasle guztiak prestatuko dira.

Legeak genero-aldaketa prozesua erraztea du helburu, eta horretarako genero identitatearen autodeterminazioa ahalbidetuko da. Hau da, trans pertsonen genero-identitatearen zehaztapen askea adierazteko, Erregistro Zibilaren arduradunaren aurrean agertu besterik ez da egin beharko inolako frogabiderik eta lekukorik gabe. Bertan, inprimaki bat beteko da, aipatutako sexuarekin adostasun eza adieraziz eta Erregistro Zibilean bigarren agerraldi bat egin beharko da hiru hilabeteko epean, bertako arduradunak ebazpena eman dezan. 

Prozedura hori 16 urtetik gorako pertsonek bakarrik has dezakete beraien kabuz, eta 14 urtetik gorakoak eta 16 urtetik beherakoek beren legezko ordezkariekin batera egin beharko dute. Ordea, lege berriak ez ditu 14 urtetik beherakoak aintzat hartzen.

Lege berri honek gurean izan dezakeen eragina gertuagotik ezagutzeko, Binkek Galdakaoko zenbait lagun eta bere familiak batu ditu, honen inguruan aritzeko pertsona egokienak direlakoan. Elkarrizketen helburu nagusia lege hau zein puntura arte den mesedegarria aztertzea eta herritarren iritzia ezagutzea izan da. Horretarako, elkarrizketaren protagonistak LGTBIQ+ komunitatearen parte diren hiru galdakoztar hauek izan dira: Anton Miragaya (Galdakao, 1999), Ekaitza Corrales (Galdakao, 2012) eta Arkaitz Vidales (Galdakao, 2004).

Aurrerapena. Askotarikoak dira genero identitatearen autodeterminazioa ahalbidetzen duen legeak dakartzan erraztasun eta eskubideak. Izan ere, legearen mugarri nagusia transexualitatea bera despatologizatzea da; hau da, norberak bere burua gaixo gisa deklaratu behar ez izatea genero-identitatea askatasunez bizi ahal izateko. Corrales Muniozguren familiaren ustetan adibidez, legeak dakarren abantailarik nagusiena mediku-txosten eza eta tratamendu hormonalekiko askatasuna dira; hau da, 14 urteko gorakoen kasuan, «norberaren baieztapenarekin nahikoa izango baita burokratikoki sexu aldaketa egiteko».

Antonek ere legearen abantailarik aipagarriena tratamendu hormonalekiko egingo den aurrerapena izango dela dio, legea indarrean jartzen bada norberaren erabaki askea izango baita tratamendu hormonala hartzearena. Dela edertasun zisheteronormatiboko estandar bat lortzeko presio sozialengatik, dela nork bere burua aitortutako generoaren arabera ezagutu eta tratatu ahal izateagatik, momentura arte transek tratamendu hormonalak jaso behar izan dituzte nahitaez NANean legezko sexua aldatu ahal izateko. Are gehiago, «hormona-tratamenduan bi urte edota gehiago zeramatzaten pertsonek soilik alda zezaketen sexua nortasun-agirietan», dio Miragayak, eta gaineratu: «Hori erokeria hutsa da pertsona guztiek ez baitute tratamendua hartu nahi izaten».

Ekaitza Corrales Muniozguren eta bere etxekoak. / Argazkia: Binke

Pertsona bakoitzak bere generoa zein den esateko eta beharrezko tramiteak egiteko eskubidea duela argi egon daiteke, «genero-identitatea bezain garrantzitsua den arlo bat norberak aukeratu beharrekoa baita», baieztatzen dute hiru protagonistek. Aldiz, zoritxarrez gazte askok ez daukate beraien ingurune hurbil edo gizartearen laguntzarik, eta esan bezala, norberak askatasun osoz sentitzen duenarekiko hartu beharreko erabakia da, baina jende askok salatu duen moduan lege berri hau inklusiboa den arren ez ditu gizarteko kide guztiak modu berean begiesten.

Inklusibitatea. Aldaketa hauen guztien aurrean, eztabaida gehien sortu duen gaia adinarena izan da. Arkaitzen familiari legeak dituen gabezien inguruan galdetzerakoan argi izan dute gaizki ikusten dutela adinean egotzitako mugak: «12 urtetik beherakoak eskubide hauetatik kanpo uzteak sufrimendu psikologiko izugarria ekar diezaieke gazteei». Ekaitzaren familiak ere argi dauka haurrek txiki-txikitatik badakitela nortzuk diren eta beraiek ere helduek dituzten eskubide berdinak behar dituztela, «pozik eta aske hazi daitezen», adierazi du Corrales Muniozguren familiak. Ekaitzaren kasuan, adibidez, «zortzi urte ditu eta horregatik indarrean jarriko den legeak ez dio inolako eragin positiborik ekartzen».

Argi dago lege berri honek haurrak alde batera uzten dituela, baina beraiek ez ezik beste pertsona asko ere kanpoan uzten ditu eta inklusibitate aldetik gabeziak argiak dira, erreportaje honetako hiru protagonistek erakutsi dutenagatik. Lege berri honetan 12 urtetik beherakoak ez egoteaz gain, ez dira pertsona errefuxiatu ezta migranteak ere kontuan hartzen. Are gehiago, genero-identitate aldetik ere legea motz gelditzen dela aldarrikatzen dute elkarrizketatuek. Antonen kasuan, «edozein gizabanakoren garapen sozial eta afektibo egokirako genero-identitatea funtsezkoa» dela dio, «eta argi dago prozesu horretan hain garrantzitsuak diren haurrak deslegitimatzen direla». Eta ziurtasun osoz baieztatzen du: «Garbi egon behar dena da pertsona baten errealitate eta identitatea, oso txikia izan arren, norberak haur denetik ezagutzen duela».

Antonen aburuz, trans legeak «pertsona guztiak barne» hartu beharko lituzke, «haien adina, erregularizazio-egoera edo beste edozein egoera kontuan hartu gabe». Eta argi du galdakoztarrak: «Kontuan hartu beharrekoa da legearen bitartez betiko istoriora bueltatzen garela, legeak oraingoan ere genero eta sexu bitarra soilik hartzen duelako kontuan. Horrekin, ikusezin bihurtzen dira gainerako genero-identitate edo esparru horretan identifikatzen ez diren pertsona guztiak».

Oztopoak. Euskal Herrian, 2012ko legeari esker, Ekaitzak sexu eta izena aldatzeko aukera izan zuen. Zoritxarrez, estatu mailan eskubideak lortzeko bertako legerian oinarritu behar izan zen eta horregatik egindako lorpena Euskal Herri mailara mugatzen da soilik. Orain arte egindako bidea Naizen elkarteari esker lortu dute, «elkarteak babesa eskaini digulako familiari eta burokratikoki egin beharrekoez arduratu delako». Era berean, familiak aurkitu duen oztoporik nagusiena espainiar estatu mailan jaiotze-ziurtagiria eta NANa aldatzea izan da, esan bezala Euskal Herritik kanpo estatu mailan dagoen legeria delako indarrean dagoena, eta horregatik oraindik ez dute aldaketa egiterik lortu. Berez, NANa derrigorrean 14 urtetik gorakoek atera behar dute, «baina egun behar diren agiriak ateratzeko Ekaitzak dokumentua eskuratu behar izan du eta oso arraroa da gaur egun ere norberaren nortasunarekin NANak bat ez egitea», dio familiak.

Lege hau iritsi arte «errealitate disidenteak» bizitzeak, Antonen esperientzian, «generoarekin eta norberaren rolekin askoz kritikoagoak izatea» eragin du. «Kanpoan izateko eta adierazteko eskubidea ukatzen dizutenean, eta alderdi hori modu pertsonalean soilik garatu dezakezunean, azkenean norberak ez du gainerakoen balidaziorik behar bakoitzaren nortasuna zein den ezagutzeko», dio hirmoki gazte galdakoztarrak, eta gaineratu: «Nor zaren argi duzunean, besteek zutaz zer pentsatzen duten edo plastiko zati batean zer jartzen duen berdin zaizu, zure nortasuna argi duzulako eta inork ezin dizulako kontrakorik esan». Era berean, trans pertsonek indarkeria mota asko jasan dituzte betidanik; instituzionala, soziala, edota familiarra, eta horrek eragin zuzena du norberaren garapen sexuafektiboan. Baieztapen horretan, Antonek argi dauka «oztoporik handiena garapenaren etapa guztietan askatasunez eta beldurrik gabe identifikatzen zaren generoaren arabera agertzeko eta adierazteko ezintasuna» dela.

Hezkuntzaren ideiari dagokionez, Arkaitzen familiak ere azpimarratzen du «erreferente eza eta hezkuntzaren ezjakintasuna» direla gaur egun dauden oztoporik handienak. «Semeak traba asko izan zituen bere nortasuna adierazteko, hasieratik uste baitzuen bere nortasunak arbuioak sor zitzakeela», diote etsipenez Arkaitzen senideek. Beldur hori, euren esanetan, «gure gizartean dagoen heziketa faltagatik sortu zen gehienbat, alde batetik hezkuntza mailan LGTBIQ+ komunitatearekiko ezjakintasuna ez delako lantzen eta beste alde batetik gizartean bertan ez delako ahalegin handirik egin nortasun errealitate anitzak azaleratzeko». Gainera, Arkaitzen etxekoen ustez, «gaur egun ditugun komunikabideek ere ez dute askorik laguntzen, gai horren inguruan ez dutelako askorik informatzen».

Gizartea. Gehiengoak sexu aldaketan soilik oinarritu du legea, baina legea indarrean sartzean aldaketa horretaz harago gizarte mailan ere eragina izango du. Antonek aldarrikatzen duen moduan berak argi dauka aldaketarik handiena hezkuntza mailan egin behar dela. Enplegu-politikei erreparatuz, trans komunitateari eragiten dioten langabezia-zifra ikaragarriak murrizteko ahaleginak egingo dira «gaur egun oraindik ere trans hitzarekin lotzen diren estigmekin bukatu beharko genukeelako, eta ezin ahaztu gizarte zisheteropatriarkal batean bizi garela». Hau da, ohiko arauetatik kanpo ateratzen den oro bazterkeria eta abusu fisiko eta psikologikoak jasan behar dituela, horren adibide Galizako Coruñan 2021eko uztailean gertatutakoa izanik.

Arkaitz Vidales Burillo eta bere familia.

Erreportaje honetako hiru protagoniste eta beraien senideek bat egiten dute baieztapen honekin: «LGTBIQ+ komunitatearekiko alderdi sozialak ez ezik, alderdi legalak ere gainditu behar dira oraindik». Ekaitzaren familiak haur transexualetan jartzen du arreta gunea, argi dutelako pertsona nagusien eskubideengatik ahaleginak egiten ari direla, «baina oraindik ere haurrak alde batera uzten direlako eta argi izan behar dugulako gure seme-alabek pertsona guztien eskubide berdinak izan beharko zituzketela». Familiaren ustez, «legearekin sortu diren eztabaidek oraindik ere gizartea giza aniztasuna ulertzeko ez dagoela prest erakutsi dute eta horrek amorrua eta baita beldurra eragiten digute».

Gainera, gizartean genero-identitatearen inguruan dagoen ezjakintasuna kaltegarria izan daiteke informazio ezaren aurrean estigmetara jo ohi dugulako. Arkaitzen familiak argi dauka oraindik ere ez gaudela muinean, baina azken hamarkadetan «aurrerapauso handia» eman dela, eta horregatik «bide onean» goazela. Aldi berean, Naizen bezalako erakundeek egindako ahalegina azpimarratu nahi izan dute, «beraiei esker gizartean aurreraketa aztertu ahal izan dugulako». Hala ere, argi dute hiru protagonista galdakoztarrek gehiago hobetzeko «gobernuen laguntasuna ezinbestekoa» izango dela eta bidea «hasi besterik ez dugula egin». •

Anton Miragaya galdakoztarra.