Kultura
BINKE / 2021eko uztaila

Torrezabalen 3,7 saio gehiago programatzen da hilero, bataz beste

TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Uztaileko kultur eskaintza aurkeztu dute gaur Torrezabal Kultur Etxean Olaia Parra Kultura zinegotziak eta Katrin Schlegel Udaleko kultur-programatzaileak. Baina horren aurretik, orain arteko eskaintzaren balorazioa egin gura izan dute.

Orain arteko Udalaren kultur eskaintzaren bataz bestekoa 2,5 saiokoa izan bada hilero, Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian, gaur egun —bataz beste— 6,2 saiokoa dela adierazi du Olaia Parra Kultura zinegotziak, Katrin Schlegel Udaleko kultur-programatzailearekin eskaini duen prentsaurrekoan.

Parrak eta Schlegelek Torrezabalen bertan eskaini duten prentsaurrekoa udako kultur eskaintzaren berri emateko izan bada ere, ez dute aukera galdu nahi izan orain arteko kultur eskaintzaren balorazioa egiteko. Eta hauek izan dira, laburrean, balorazioa egiteko eman dituzten kopuru konparatiboak —beherago udako kultur eskaintza—:

  • Etxeko konfinamendu orokorraren ostean, irailean itzuli zen Galdakaora kultur eskaintza «indartsua», Schlegelen ustez, «kultura arnasgune bilakatzeko eta segurua bezain beharrezkoa» dela azpimarratzeko.
  • Horrela, irailetik abendura bitarte 2020rako programatutako ekintzen %86 egitea lortu zuten Udalak, Gabonetako programazioak eta euren kaleko ekintzak Torrezabalen egiteko egokitu zituzten herriko beste hainbat elkartek.
  • Lau hilabeteko tarte honetan bederatzi saio eskaini dira hilero.
  • Ekitaldi bakoitzeko, bataz beste, aforoaren %65 bete da; orain arteko %40aren ondoan.
  • Iaz, guztira, bederatzi aldiz bete izan da areto nagusia, eta beste saio pare batean bikoiztu egin behar izan da saio berdinaren emanaldia, eskaera handiagatik.
  • Aurten, azaroan Kerobiak eskaini behar duen saioarekin seigarren «sold out»-a eskegiko du Torrezabaleko lehiatilak.
  • Datu orokorretan, urteko 6,2 saio eskaintzen ditu Torrezabalek hilero, bataz beste; orain arteko 2,5 saioen ondoan.

«Datuak onak dira» esan du gaurko aurkezpenean kultur-programatzaileak, eta eskertu gura izan du «hainbeste moldaketaren aurrean herritarrek zein artistek erakutsi duten pazientzia». Eskerrak ematen hasita, Parra zinegotziak ere eskertu egin die udal-teknikariei, «eurek ere moldatu egin behar izan dutelako eta, zailtasun eta neurri berrien aurrean, kultur eskaintza mantendu bakarrik ez, hobetu ere egin dutelako».

Irailaren 9tik 25era bitarte, iazko formatu berean, Kultur Plaza eskainiko dutela aurreratu dute, nahiz eta egitaraua ez duten zehaztu. Hori bai, argi utzi dute «bertako eta kanpoko artisten oreka» bilatuko duen eskaintza izango dela. Behin 25ean Kultur Plaza amaituta, hilaren 26an itzuliko da Torrezabal Kultur Etxeko programazioa.

Gainera, kultur etxeko areto nagusi honetan argiteriaren, soinuaren eta akustikaren hobekuntzak egingo direla aipatu du Katrin Schlegelek.

Amaitzeko, hauxe da gaurko aurkezpenaren amaieran aurkeztu duten udako kultur eskaintza Galdakaon:

  • Zinema Kalean
    Ostiraletan, Urreta eskolako patioan
    • Uztailak 16:
      • 18:00. «Dragoiaren gidaria» (haurrentzat)
      • 20:00. «El enjambre»
    • Uztailak 23:
      • 18:00. «Elfkinak» (haurrentzat)
      • 20:00. «Tres anuncios en las afueras»
    • Uztailak 30:
      • 18:00. «Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa» (haurrentzat)
      • 20:00. «Akelarre»
  • Folklore Bizian
    Andra Mari Dantza Taldeak antolatuta
    • Uztailak 20, asteartea, 20:30ean, Kurtzeko plazan: Jawor (Polonia), Ballet Jammu (Senegal) eta Andra Mari (Euskal Herria)
    • Uztailak 21, asteazkena, 20:30ean, Kurtzeko plazan: Trim The Velvet (Irlanda) eta Ritmos y Costumbres (Peru)
    • Uztailak 22, osteguna, 20:30ean, Unkina kiroldegian (Usansolo): Ritmos y Costumbres (Peru) eta Oin Arin (Euskal Herria)
  • Kontzertua
    Galdakaoko Da Capo Musika Banda
    • Uztailak 23, ostirala, 19:00etan, Kurtzeko plazan: «Remember me», ren kontzertua.
  • Kalejirak
    Galdakaoko Ad Libitum Txistu Banda
    • Uztailak 25, igandea, 13:00etan, Tximiolarregoikoan.
    • Uztailak 31, larunbata, 13:00etam. Tximiolarrebekoan.