Txakurrak solte ibiltzeko gune berria egokitu dute Berezikoetxeko aparkalekuaren ondoan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Berezikoetxeko aparkalekuaren ondoan dagoen lurzoru bat egokitu du Galdakaoko Udalak txakurrak solte ibiltzeko. Guztira 550 metro kuadroko eremua da eta gunea hesi batez babestuta dago.
Galdakoztarrek txakurrak solte uzteko beste gune bat egokitu duela iragarri du Galdakaoko Udalak. Berezikoetxeko aparkalekuaren ondoan dagoen lurzoru batean kokatu da gune berria, zuzkidurazko bizitokietatik hurbil.
Guztira 550 metro kuadroko eremua da eta «txakur eta jabeak eroso egon daitezen egokitzapenak egin dira». Horrela, gunea hesi batez babestuta dago eta txakurren sartu irtenak seguruago egiteko ate bikoitza jarri da. Farolak, aulkiak, paperontzia eta txakur zein pertsonentzako bi altuerako iturria ere jarri dira.
«Aulkiak dauden eremuan lurzorua zementuzkoa da jabeen erosotasuna eta garbitasuna bermatzeko», azaldu du Udalak, «gune berria erabiltzera eta denon artean zaintzera» gonbidatuz.