Plazakoetxeko zubian asfaltatze lanak egingo ditu Galdakaoko Udalak bihar, martxoak 19. Horren ondorioz, Txomin Egileor kaleko trafikoa moztuko da 07:00etatik 20:00etara.
Auzokideen eskaerei erantzunez eta ingurune seguruagoa, irisgarriagoa eta iraunkorragoa egiteko helburuz, Galdakaoko Udalak guztiz berritzen ari da Txomin Egileor kalea.
Lanak azken fasera hurbiltzen ari dira eta bihar, martxoak 19, Plazakoetxeko zubian asfaltatze lanak egingo dira. Lan horiek amaitutakoan, seinaleztapen eta margoketa lanak egingo dira, eta horrekin batera proiektua azken txanpara iritsiko da.
Zoru berria jartzeko lanak egin ahal izateko, zubitik pasatzen den trafikoa guztiz moztu beharko da bihar, 07:00etatik 20:00etara, bi noranzkoetan.
Beraz, mozketak Txomin Egileor kale osoari eragingo dio, eta Basauritik soilik sartu ahal izango dira ibilgailuak. Sarbidea behar bezala seinaleztatuta egongo da, eta lanek irauten duten bitartean aparkatzea debekatuta egongo da adierazitako guneetan.
Bestalde, kaleko gainerako eremuan asfaltatze lanak gaueko ordutegian egiten ari dira, trafikoan ahalik eta eragin txikiena izateko. Horretarako, 22:00etatik 06:00etara trafikoa eteten ari da txandaka.




