Udaberriko Sormeneren doinua aukeratzeko lehiaketa antolatuko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Maiatzaren 16tik 18ra antolatuko da Sormeneren udaberriko ekinaldia eta edizio honetan doinua izango du Galdakaoko sorkuntza plazak. Kanta hau lehiaketa baten bitartez aukeratuko da eta hemen batu dugu izena emateko jakin beharrekoa.
Beste urte batez Sormene Galdakaoko sorkuntza plaza antolatuko da eta aurten udaberriko ekinaldia maiatzaren 16tik 18ra izango da. Galdakaoko Udalaren esanetan, programa itxi gabe dago baina ekimen berri bat iragarri du: Sormeneren doinua izango den kanta aukeratzeko lehiaketa.
Kantak «Sormeneren izaera transmititu behar du, zer den eta herritarrontzat duen balioa; euskal sortzaileen lana sustatzea eta erakustea jomugan duenez, kanta euskaraz izan behar da, edozein estilotakoa» eta bi eta hiru minutu bitarteko iraupena izan behar du.
Galdakaoko musikariek edo partaideen artean galdakoztarrak dituzten taldeek aurkeztu ahal izango dituzte haien proposamenak, apirilaren 8tik maiatzaren 6ra.
Epaimahaiak aurre ebaluazio bat egiteko aukera izango du baina lehiaketa bera maiatzaren 17an izango da, Basoa tabernan, 21:00etatik aurrera. Aurkeztu diren artista guztiek zuzenean interpretatuko dute haien proposamena eta azken deliberazioa egin ondoren jakinaraziko du erabakia Galdakaoko artista profesionalek osatutako epaimahaiak. Aukeratutako artistak abesti baten grabaketa profesionala jasoko du saritzat.
Lehiaketan izena eman nahi dutenek sormenegaldakao@gmail.com helbidera bidali beharko dute grabaketa edozein formatutan honako informazioarekin batera: abestiaren letra idatzia, erabilitako instrumentuak eta zuzenekorako beharrizan teknikoak (mikroak, bozgorailuak, aulkiak, atrilak…).
Helbide berean emango dira behar diren argibide gehiago eta Sormeneren ibilbidea ezagutzeko aukera dago webgunean.