Udalerri berriak eratzeko biztanle kopuruaren baldintza 4.000ra jaitsiko du Pedro Sanchezek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: PSOE
Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioa sinatu berri dute EAJ-PNVk eta PSOEk. Andoni Ortuzarrek eta Sanchezek berak aurkeztutako testuan zenbait neurri batzen dira, haien artean, udalerri izateko biztanle kopuruaren exijentzia 5.000tik 4.000ra jaistea. Honen ondorioz, Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa erregistratu ahal izango da baita Espainiaren oniritziz ere.
EAJ-PNVk Pedro Sanchezen aldeko botoa emango du inbestidura saioan. Horrela iragarri dute jeltzale eta sozialistek gaur eguerdian, Andoni Ortuzarrek eta Sanchez berak egindako agerraldi publikoan.
Alderdi jeltzaleak Euskadirentzat akordioa «ona» dela adierazi du: «Oraingo autogobernua betetzeko bidean aurrerapauso garbia eman delako eta etorkizuna autogobernua negoziatzeko oinarriak ezarri direlako, hori guztia bi prozesuetarako gehienez ere bi urteko epean».
Sinatu duten akordioan hainbat konpromiso hartu dituzte sozialistek, haien artean, udalerri izateko biztanle kopuruaren exijentzia 5.000tik 4.000ra jaistea. Horrela dio zehazki akordioaren testuan batutakoa:
«Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea sei hilabeteko epean aldatuko da, salbuespenez, udalerri independente gisa eratzeko gutxieneko biztanleria-atalasea murrizteko (4.000 biztanleraino), autonomia-erkidegoko araudiak hala zehazten duen kasuetan, besteak beste, Usansoloko udalerri berria bereizteko Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabakiaren aurka aurkeztutako errekurtsoak sortutako egoerari erantzuteko».
Honen ondorioz, Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa erregistratu ahal izango da baita Espainiaren oniritziz ere.