
Urreta kiroldegia itxiko dute bihartik abuztuaren 31ra bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Urreta kiroldegia handitzeko eta berritzeko lanek aurrera jarraitzen dute, eta honen ondorioz itxita egongo da hurrengo bi hilabeteetan. Zehazki, bihartik, uztailak 1, abuztuaren 31ra bitarte itxiko dute.
Galdakaoko Udala Urreta kiroldegia handitzeko eta berritzeko lanekin jarraitzen du eta hurrengo hilabeteetan «bultzada handia» izango dute obrek. Urtero, garbiketa egiteko ixten da kiroldegia uda garaian eta, hori aprobetxatuz, obrak aurreratzeko baliatuko da itxiera.
Horretarako, kiroldegia uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean itxi behar izango da. Zehazki, datozen bi hilabeteetan solariumaren eremua handitu egingo da bi solairu berrirekin, jendeari harrera egiteko eremua berrituko da, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, instalazioetara sartzeko arrapala egingo da, eta konexioak, koadro elektrikoak eta abar berrituko dira, besteak beste.
Erabiltzaileentzat ahalik eta kalterik txikiena bermatzeko eta kirol eskaintza osoa mantentzen jarraitzeko, Elexaldeko kiroldegia irekita egongo da bere ohiko ordutegiarekin uda osoan, baita normalean itxita egon ohi den datetan ere (normalean uztailaren 15etik abuztuaren 15era bitartean itxita egon ohi da).
Horretaz gain, honako instalazio hauek zabalik egongo dira aurtengo udan. Batetik Elexalde kirolgunea. Igerilekuez gain, atletismo pista, hondartzako bolei pista, bi frontoiak eta futbol zelaia ere irekita egongo dira. Uztailaren 15etik abuztuaren 15era bitarte itxita egon ohi diren instalazioak dira, eta aurten uztailaren 15etik 31ra egongo dira zabalik.
Bestalde, Zuhatzuko kirolgunea. Padel eta tenis zaleek pista horiek udako hilabeteetan irekitzea eskatzen zuten. Lehenengoa uztail osoan irekiko da aurten, astelehenetik barikura, 17:00etatik 22:00etara. Tenis pistaren kasuan irrist egiten zuten gune batzuk konpontzeko aprobetxatuko da, eta, beraz, irekita egongo da lanek ahalbidetzen dutenean.