Urtzi Gartzia: «Filtrazioak eguneroko kontua ziren Espainiako Auzitegi Nazionalean»
Urtzi Gartzia, Euskadi Irratiko kazetaria
BINKE / 2024ko otsaila
«Amorru handia ematen dit kalean entzuten dudan euskara mailak»
· Urtzi Gartzia Goieaskoetxea
1977, Galdakao
Eguzkibegi Ikastolan hasi, Elexalde Institutuan jarraitu eta EHUtik Informazio Zientzietan lizentziaduna da Urtzi Gartzia galdakoztarra. Ostean, Telebistako Erreportajegintzari buruzko graduondonkoa egin zuen Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean eta geroztik kazetari dabil hara-hona. Euskal Herritik kanpo zenbait lurraldetan bizi ostean, azken urteetan bere ahotsa egunero entzuteko aukera dugu Euskadi Irratiko uhinetan.
TESTUA ETA ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Irratia entzuteko ohitura duenak ezagun izango du hilabeteko protagonistaren ahotsa, euskaraz eta Euskadi Irratian entzuteko ohitura badu behintzat. Hara-hona ibiltzen da, goizean goizetik hasita, eguneko albisteren baten berri notiziaren tokitik bertatik ematen. Albistea non, bera han. Eta denetarikoak izaten dira lantzen dituen gaiak. Ordea, Euskal Herrian barrena aritu aurretik Madrilen ere aritu zen, korrespontsal garai batez eta Amaiur alderdiko prentsa arduradun beste batez. Bada, ahots goxo eta zorrotz horren atzean dagoen galdakoztarra ezagutzeko aukera izan du BINKEk.
Aktualitateari begira bizi zara. Zelan daramazu? Ondo. Oso gaztetatik jarraitu izan ditut gaurkotasun gaiak. Egunkaria irakurriz, telebistako albistegiak ikusiz edota irratia entzunez. Gaur egun, noski, internet edota sare sozialetatik jasotzen dut informazioa. Dena ez, baina asko bai. Hala ere, onartu beharra daukat noizik behin saturatuta amaitzen dudala. Gero eta gehiagotan, egia esan. Eguneko 24 orduak informazioa kontsumitzen egotea nekagarria ere bada. Edo beste barik, adin kontua izango da (barreka).
Asteko lan-plangintza aurreikusteko aukera ematen dizu zure ogibideak? Jorratu ohi ditudan gaietan saiatzen naiz agenda bat osatzen. Datak zehazten, alegia. Eta gauzarik garrantzitsuenak, gertakizun nagusiak aurreikusten saiatzen naiz. Baina zoratu gabe, eh?! Gehiegi estresatu gabe.
Zein da kubritu behar izan duzun albisterik gogorrena? Gogorrena ez dakit, baina gogoan dut, 2005ean Madrilen korrespontsal nintzela, euskal gatazka politikoaren testuinguruaren garai haietan hain ohikoak ziren polizia sarekada horietako bat kubritu behar izan nuela. Auzitegi Nazionalean nengoela, inkomunikazio aldia igarota, epailearen aurrera zeramatela, atxilotuetako batekin egin nuen topo aurrez-aurre pasilloetako batean. Poliziez inguratua eta eskuak loturik zituen eta elkarri begiratu genion. Ezagunak ginen. Ez dut sekula bere izu aurpegia ahaztuko. Epaileak deklarazioa hartu ostean espetxera bidali zuen. Ondoren, operazioaren auto judiziala kazetari bati eskura nola ematen ikusi nuen epailea —oso ezaguna eta mediatikoa zen epailea—. Filtrazioak eguneroko kontua ziren Auzitegi Nazionalean. Atxilotuen senide eta lagunak kanpoan zeuden zain. Haiek bezala, abokatuek ere komunikabideon bitartez jakin zuten zer leporatzen zieten atxilotuei. Gogorra egin zitzaidan egun hura. Ez dut sekula ahaztuko.
Eta goxoena? Ba Kanadan, Albaola elkarteak XV. eta XVI. mendeko bale-arrantzaleen bizipenak eta abenturak ezagutarazteko egin zuen espedizioaren lehorreko eskifaia ginen Agurtzane eta biok. Eta aldi berean, nik, ETB-rako kronikak egin nituen. Espedizioaren jarraipena egin nuen. Oso oroitzapen ona dut!
Usansoloren segregazioaren berri ematea ere egokitu zaizu. Zelan bizi izan duzu? Ba pozarren egin nuen. Galdakoztar guztiok bezala, txikitatik oso gertukoa izan dudan kontua da. Kuadrillako bat Usansolokoa dugu. Pentsa. Eta azken urteetan Euskal Herriko politikagintzan bizi izan dugun «lehortea» kontuan hartuta, gertakizun handia izan da. Ilusioa egin zidan desanexioaren berri ematea. Eta, noski, usansolotarrengatik ere asko poztu nintzen. A ze turradie emon deuskuen! (keinuz, barreka)
Usansolotarrekin, autobusez, Bizkaiko batzarretxera bidean BINKEri aitortu zenion albiste «are handiagoa» zela Usansoloren segregazioa galdakoztarra izanda. Bai noski. Esan bezala, galdakoztarrok jakin badakigulako zertaz ari garen. Nor hobeto ni baino albistearen berri emateko! (barreka) Eta aitortu beharra daukat, Gernikako juntetxerako bidaia historiko hura bizi izanak asko bete ninduen. Hain pozik zegoen jendea…
Kazetari bezala, erraza al da norberaren sentimenduak mikrofonoetatik kanpo uztea? Ez, ez da bat ere erraza. Ez niretzat, behintzat.
Eta baduzu trikimailurik elkarrizketatzen duzun herritarrari sentimenduak ateratzeko? Ba ez, egia esan. Enpatia azalduz agian…
Elkarrizketatuez ari garela… Irratian ez dago irudirik eta ahotsak du indarrik handiena, hiztun onak aurkitzen saiatzen al zara? Bai, noski. Horrek kronika hobetzen du. Kalitatea ematen dio. Eta azaldu nahi dudana hobeto azaltzen laguntzen du. Azken finean, herritarrengana jotzen badugu, benetako protagonistak eurak direlako da.
Eta hiztun onak bilatzeko lan horretan, zailtasun gehigarria al da euskaldunak aurkitzea? Are gehiago euskaraz ari garenean. Baina ez da erraza. Zaila eta nekagarria izaten da. Eta euskaltzale bezala, amorru handia ematen dit kalean entzuten dudan euskara mailak. Gaztelaniaz lan egitea askoz errazagoa da. Pentsa, batzuetan ez dut euskaldunik aurkitzen kale-inkestaren bat egitera kalera irteten naizenean. Desesperagarria da.
Hala ere, errazagoa izango da agian herritarrak irratira gerturatzea telebistako kameren aurrera baino? Bai. Telebistak, askori, beldurra eragiten die. Baina baita irratiak ere. Mikrofonoa ikuste hutsak ihes egitera bultzatzen ditu. Horrelakoetan ere, desesperagarria izaten da.
Kazetari eta herritar askoren eskaera izan da: euskaldunek euskaraz soilik egin ahal izatea bere adierazpenak EITBn. Nola bizi duzu zuk praktika hori? Erabat ados nago irizpide horrekin. Erabat. Hori da hain zuzen, Euskadi Irratiko irizpidea.
Euskarazko adierazpen gutxi entzungo zenituen ordea Madrilen aritu zinenean… Bi egonaldi egin ditut Madrilen. Bata, Euskadi Irratia-Radio Euskadirako korrespontsal urte eta erdiz. Batik bat politika kontuak kubritzen nituen. Zer esanik ez Amaiurren prentsa arduradun gisa. Informazioaren beste aldean egon nintzen ia zazpi urtez. Interesgarria izan zen nire ibilbide profesionaleko etapa hura. Hara heldu nintzenean, kazetari garaiko kide ohiekin egin nuen topo. Horrek asko erraztu zidan lana.
Zer lantzen zenuen bertan? Batez ere, giza-harreman edo harreman-sozialak landu nituen. Zubi-lana egiten zuen, nolabait esatearren. Ilegalizazioaren osteko garaia zen eta distantziaz begiratzen gintuzten, deabruak baiginan. Eta ni bertan ikusteak, kazetari asko lasaitu zuen. Beste alde batetik, gainerako talde parlamentarioetako prentsa arduradunekin harreman oso ona nuen. Baita PP-koekin ere.
Zelan hartu zenuen bertara joateko proposamena? Ondo. Irratiak ez zidan aparteko aukerarik eskaini eta nire ibilbide profesionalean aldaketa bat egiteko unea iritsi zela erabaki nuen. Denetarik egin behar da.
Jasotzen diren informazio guztiak kontrastatzeko kapazitatea al dago gaur egungo komunikabideetan? Ez. Eta are gutxiago guk lantzen dugun breaking news formatuan. Egunerokoak jan egiten gaitu eta gehienetan, irratian behintzat, ez dugu gaiak lantzeko nahikoa denborarik. Eta egia esan behar badizut, horrek erre egiten nau.
Zenbateko ardura du gizartean kazetari batek? Ba handia. Zer esanik ez fake news-en garaien honetan. Nahiz eta ez den berria komunikabideetatik gezurrak zabaltzea. Betidanik egon da. Kontua da, orain, jendeak, gazteek batez ere, sarean bilatu eta jasotzen dutela informazioa —edo desinformazioa—. Hor dago gakoa. Kode deontologikorik ez duten medioak direla. Eta gutxieneko kontraste bat behar du informazioak.
Euskadi Irratiaren neurriko irrati publiko eta handi batean, zenbateko aukera duzu zure ekarpenak egiteko? Tira, ni kazetari soil bat naiz. Ez dut ardura kargurik. Baina pentsatu nahi dut, nire iritzia eta ekarpenak kontuan hartzen direla.
EITB taldekoak ez diren zein beste komunikabide jarraitzen ditu Urtzi Gartziak egunerokoan? Denetarik. Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Kataluniakoak, Frantziakoak eta mundu anglosaxoikoak…
Eta nor gustatuko litzaizuke zuen uhinetan elkarrizketatzea? Donald Trump, Vladimir Putin eta Angela Merkel, esaterako.
Amaitzeko. Kontatzea gustatuko litzaizuken notizia hori, zein da? Asteko lanaldia lau egunera murriztu dela. •