Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Urte askotako borrokaren ondoren, Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da gaurtik aurrera. Estatuko Abokatutzak atzo jakinarazi zuen atzera egin duela Usansoloko segregazioa baimentzen duen Bizkaiko Batzar Nagusien erabakiaren aurka aurkeztutako helegitean. Espainiako Gobernuak gaur bertan inskribatuko du Usansolo Tokiko Erakundeen Erregistroan.
Prozesu luzea izan da, baina azkenean usansolotarrek lortu dute urte askotan zehar eskatutakoa. Usansolo Bizkaiko 113. udalerria da gaurtik aurrera, izan ere, Espainiako Gobernuak gaur bertan inskribatuko du Usansolo Tokiko Erakundeen Erregistroan.
Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroaren 23an hartu zuten Usansoloren segregazioa onartzeko erabakia baina aste batzuk beranduago Estatuko Abokatutzak errekurtsoa jarri zuen, prozesua geldiaraziz.
Estatuko Abokatutzak ordea atzo jakinarazi zion EAEKo Auzitegi Nagusiari helegite horretan atzera egin duela, PSOEk eta EAJ-PNVk udalerri izateko biztanle kopuruaren exijentzia 5.000tik 4.000ra jaistea adostu ostean. BINKEk jaso zuen moduan, neurri hau onartzea adostu zuen abenduaren 19an Espainiako Ministroen Kontseiluak.
BINKEk Agustin Aizpuru Usansoloko Udalaren funtzioak egiten dituen Kudeaketa Batzordeko presidentearekin hitz egin du eta honek albistea baieztatu, esanez: «Madriletik esan didate gaur izango dogula Usansoloren erregistro ziurtagiria».
Hamaika kidek osatzen dute Kudeaketa Batzordea: Usansolo Herria plataformako zortzi kidek, EAJ-PNVko bik eta EH Bilduko kide batek. 2027an Usansoloko Udalerako hauteskundeak antolatu arte, hau izango da erabakiak hartuko dituenak.
Nahiz eta gaur abenduak 28 izan, albiste hau ez da inuzentada bat.