Usansoloko EAJk Metrotik lanzadera jartzeko proiektua ukatzeko eskatu dio Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Usansoloko EAJk Metro geltokitik erdigunera lanzadera jartzeko proiektua ukatzeko eskatu dio Udalari, «ez datorrelako bat auzokideek bultzatutako lege-proiektuarekin». Udalak eskaera aintzat hartu eta teknikariekin batera «proiektua ukatzeko konpetentzia duen» aztertuko duela adierazi du.
Metroaren 5. linearen proiektuan gaur egun erdigunean duten geltokia kendu eta hori barik geldituko direla aldarrikatzen ari dira usansolotarrak proiektua ezagutzera eman zenetik. Honen aurrean, Usansoloko ospitaleko Metro geltokia eta herriaren erdigunea batuko dituen lanzadera bat jartzea erabaki zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak.
Auzokideak ordea honen kontra agertu dira ere, konponbidea Usansoloko erdigunean geltoki bat jartzea dela nabarmenduz.
Ildo honetan ere agertu da Usansoloko EAJ-PNV, «ETS-k proposatutako kanoi laburraren eta anezka-autobusaren proiektua ez dator bat auzokideen aginduz abian den lege-proiektuaren espirituarekin», adieraziz.
Jeltzaleek lanzaderaren proiektua ukatzeko eskatu diote Udalari mozio baten bitartez. Honetan, Miguel Ángel Gomez Bizkaiko Garraio eta Mugikortasuneko foru diputatuak adierazitakoa batu dute: «Anezka-zerbitzua emateko baimena udalaren eskumenekoa da, %100ean hiri-zerbitzua baita, eta Euskotrenen eta dagokion udalaren artean definitu beharko da».
Horregatik, EAJ-PNVk Uda Gobernuari eskatu dio lanzadera zerbitzuaren baimena ukatzeko «neurri egokiak» hartzea eta ETS-ri erreklamatzea tren-zerbitzu sozialki bideragarria eman dezala, ETS-ren eta Usansoloko Udalaren arteko akordioa bilatuz, «Usansolori zerbitzu jasangarria emateko».
Usansoloko Udal Gobernuak bere aldetik, jeltzaleek adierazitakoarekin bat datorrela adierazi dio BINKEri eta teknikariekin batera «proiektua ukatzeko konpetentzia duen» aztertuko duela nabarmendu du: «Mozioan eskatu dutenaren alde egingo genuke bideragarria balitz. Teknikariek baietza ematen badute, aurrera egingo dugu eta lanzaderaren proiektua martxan jartzea ukatuko dugu».