Herri galdeketaren ostean, herriko erdigunean metro geltokia eskatzen jarraitzen dute usansolotarrek eta bihar goizerako, urriak 17, manifestazioa deitu du Geltokia Erdigunean plataformak.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak Metroaren 5. linearen proiektua aurkeztu zutenetik, honen kontra agertu dira usansolotarrak eta Geltokia Erdigunean plataformak hainbat mobilizazio antolatu ditu honen harira.
Urriaren 5an esaterako, herri galdeketa antolatu zuen gaiaren inguruan eta Metro geltokia erdigunean jartzearen alde bozkatu zuen kontsultan parte hartu zuten 1.741 lagunen %97,4ak.
Emaitza hauen ostean «usansolotarren nahia» aldarrikatzen jarraituko zuela adierazi zuen Geltokia Erdigunean plataformak, eta biharko, urriak 17, manifestazioa antolatu du.
Laminarrieta-Labeatik abiatuko dira, obretako parkingetik, 08:00etan, eta 08:30era arte obrak geldiaraziko dituzte. Herritarrak parte hartzera animatu dituzte plataformatik: «Lortu arte!».