Usansoloko Metro geltokiaren inguruan eztabaidatu zuten atzo Bizkaiko Batzar Nagusietan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EH Bildu
EH Bilduk Usansoloko erdiguneko Metro geltokiaren inguruko erabakia «erakundeen arteko elkarlanez» hartzeko mozioa aurkeztu zuen atzo, apirilak 17, Bizkaiko Batzar Nagusietan. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten eta «obrak atzeratzen ez duten alternatibak» aztertu daitezkela adierazi zuten.
Martxoaren 20an Usansolora igaroko den Metroaren 5. lineari buruzko informazioa eskatu zuen Raul Mendez EH Bilduko legebiltzarkideak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Mendezek Eusko Jaurlaritzak erdigunean geltokia jartzearen ordez proposatutako lanzaderaren alternatiba ezartzea Usansoloko Kudeaketa Batzordea kontuan izan gabe erabaki zuela azpimarratu zuen, BINKEk jaso zuen moduan.
Atzo, apirilak 17, EH Bilduko legebiltzarkideak berriz eraman zuen gaia Bizkaiko Batzar Nagusietara, mozio bat aurketuz. Honen bitartez, bi gauza eskatu zituzten.
Batetik, Metroaren proiektuaren alternatiben azterlana publikoki aurkeztea Usansolon, «lau eszenatokietako bakoitzeko abantailak eta eragozpenak azalduz».
Bestetik, erakunde arteko lankidetza-esparru bat ezartzea Usansoloko Kudeaketa Batzordearekin, «Usansoloko udalerriarentzat alternatibarik onena zein den modu egokian zehazteko eta ezartzeko».
«Auzokideek ez dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak planteatutako lanzaderaren alternatiba onartuko. Ez badiogu honi konponbide bat ematen, txarto amaituko da», nabarmendu zuen Mendezek Batzar Nagusietan.
Mozioa ez zen onartu, EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu ostean. Alderdi biek EH Bilduren mozioari egindako zuzenketa bat aurkeztu zuten, Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta ETSk, Kudeaketa Batzordearekin bildu ondoren, «auzokideen eskaerak aztertzea» planteatuz. «Azterketa teknikoek hala ondorioztatzen badute, gaur egun kontratazio-fasean dagoen eraikuntza-proiektuan sar daitezke», adierazi zuten.
EAJ-PNVko Unai Lermak berriz hastearen aldeko apustua egin zuen, Usansoloko ordezkariekin beharrezkoak diren bilerak eginez eta «hortik sor daitezkeen proposamenak aintzat hartuz»: «Aukera posible bakarrak ez dira zehazki aztergai diren laurak. Bilera horietan, ziur, horiek hobetu ditzaketen ideiak sortzen direla».
Iñaki Jeronimo sozialistak aldiz, proiektua «behar bezala» aurrera doala azaldu zuen, eta nabarmendu zuen «ezin dela etengabeko aldaketen mende egon, proiektua geldiaraziko litzatekeelako. Beraz, ez da onartuko aurrerapen hori beharrik gabe atzeratuko lukeen aldaketarik».
Saioa baino lehen Usansoloko zenbait auzokide batu ziren Gernikako Batzar Etxean, Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko beste behin. Agerraldian Usansoloko Kudeaketa Batzordeko zenbait kide izan ziren, tartean Agustin Aizpuru alkatea, eta baita Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea.