
Zabalik dago Galdakaoko auzoetan jaiak antolatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak 50.000 euro bideratuko ditu aurten herriko auzoetako jaiak antolatzeko. Interesa duten udalerriko kultur erakunde eta eragileek egin dezakete honezkero dirulaguntzaren eskaera, maiatzaren 19ra bitarte.
Auzoetako jaiak antolatzeko dirulaguntzak izendunak izan dira orain arte baina hemendik aurrera konkurrentziaz, hau da, irizpide komun batzuk jarraituta bakoitzak jasotzen dituen puntuen arabera, banatuko dira. Neurria urtarrilean onartu zuen Galdakaoko udabaltzak, urteko lehen osoko bilkuran.
Orain dirulaguntza hauek eskatzeko epea zabaldu du Galdakaoko Udalak, maiatzaren 19ra bitarte, izapide elektronikotik. Deialdi honen bidez, Aperribai, Bekea, Olabarrieta, Erletxe, Iberluze, Urreta, Bengoetxe, Tximelarre Bekoa, Tximelarre Goikoa, Elexalde, Zuhatzu eta Zabalea auzoetako jai ekitaldiak diruz lagunduko ditu Udalak, «horiek udalerrirako duten eraginagatik». «Era berean, beste kokaleku batzuk kontuan hartu ahal izango dira, baldin eta aurretik jaiak antolatu badituzte», adierazi du Udalak.
Udalaren esanetan, dirulaguntza jaso ditzaketen gastuak «animazioa, musika, aisialdia, zerbitzu edo ekipamenduetarako sarrerak, garraioa, garaikurrak edo publizitate gastuak, besteak beste».
Dirulaguntza hauek bateragarri izango dira jaso daitezkeen beste batzuekin, baina jasotako kontribuzioen baturaren zenbatekoa ez da inola ere garatzen den jardueraren kostua baino handiagoa izango. Nolanahi ere, laguntzak gauzatu beharreko proiektuaren zenbatekoaren %100era irits daitezke.
Informazio gehiago eskuratu daiteke 94 4010 05 72 telefonora deituz.